Reala
ERREGE KOPA
Realak nagusitasunez gainditu du Rayo, eta final-laurdenetan izango da (3-1)
EITB MEDIA
Txuri-urdinak madrildarrak baino gehiago izan dira, Take Kuboren joko bikainaren gidaritzapean.


Reala Errege Kopako final-laurdenetako zozketan izango da datorren astelehenean, Rayo Vallecano kanporatu ostean (3-1). Take Kubok bikain zuzendu du taldea, eta Oyarzabal, Olasagasti eta Sergio Gomez arduratu dira golak egiteaz.
Realak ondo ekin dio neurketari hurbilketa arriskutsuekin eta korner ugari behartuta. Take Kubo bereziki zorrotz aritu da, batez ere eskuin hegaletik egindako barneraketekin. Rayo ere aurrera begira zelairatu da, kikildu gabe.
Horrela zebilen partida, Aramburuk urrundik egindako jaurtiketa bortitz bati erantzun ederra eman dionean Cardenas Rayoko atezainak, baloia kornerrera bidaliz. Korner erdiraketa horren ostean, baloia ezkerraldetik zebilen Kubori heldu zaio. Japoniarrak area barrurantz egin du maisuki, eta haren erdiraketa Mikel Oyarzabal kapitainak ate barrura sakatu baino ez du egin behar izan (23. minutua).
Hurrengo minutuetan, Kubok arrisku bizia sortzen jarraitu du, asko sufritzea egokitu zaion Pacha Espinoren ezinaren aurrean, baina txuri-urdinek ez dituzte aukera horiek baliatu markagailua areagotzeko. Alabaina, neurketa atsedenaldira horrela iritsiko zela ematen zuenean, donostiarrek baloi bat berreskuratu dute zelai erdian, eta, jokaldi bikain bat antolatu ostean, Olasagastik sekulako gola sartu du, oso urrunetik egindako jaurtiketa batekin, 46. minutuan.
Alabaina, ez da hor bukatu lehenengo zatian; izan ere, epaileak hiru minutuko luzapena adierazi duen arren, Realaren golak luzapen hori handitzea ekarri du, eta, tarte horretan madrildarren gola etorri da, penalti puntutik. Zubeldiak falta argia egin dio Trejori area barruan, eta argentinarrak berak ez du barkatu 11 metroetatik, Remiro gelditzeko zorian egon bada ere.
Bigarren zatian, Kubok bide beretik jarraitu du, geldiezin. Berak antolatutako kontraeraso eder batean, eskuinera zabaldu du baloia Oyarzabalentzat, eta eibartarraren erdiraketa sareetara bidali du Barrenetxeak. Zoritxarrez, epaileak Oyarzabalen jokoz kanpokoa adierazi du, eta gola balio gabe geratu da.
Imanolenek kontrolpean zuten lehia, eta are gehiago aurkaria bat gutxiagorekin geratu denean, Pachak bigarren txartel horia ikusi baitu, Oyarzabali falta gogor bat egin ostean (78. minutua). Hori gutxi ez, eta txuri-urdinek hirugarren gola erdietsi dute falta jaurtiketa horretan. Sergio Gomezek baloi gaiztoa jarri du area barruan, eta Aridane eta Contreras artean ez dute hura aldentzen asmatu, eta, azkenerako, zuzenean ate barruan amaitu du. Horrek zoramena eraman du harmailetara, eta hurrengo kanporaketarako txartela ziurtatu die etxekoei.
Fitxa teknikoa:
3 - Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Olasagasti, Sucic (Brais Méndez, 68. min); Kubo, Oyarzabal (Óskarsson, 82. min) eta Barrenetxea (Sergio Gómez, 68. min).
1 - Rayo Vallecano: Cárdenas; Balliu, Aridane, Lejeune, Espino; Valentín, Pedro Díaz (Unai López, 65. min), Trejo (Isi, 65. min); Álvaro García (Chavarría, 82. min), Nteka (Camello, min. 72. min) eta De Frutos (Embarba, 65. min).
Golak: 1-0, 23. min: Oyarzabal; 2-0, 46. min: Olasagasti; 2-1, 51. min: Trejo (penaltiz); 3-1, 78. min: Sergio Gómez.
Epailea: Francisco José Hernández Maeso. Txartel horiak atera dizkie Zubimendiri (44. min) Realaren partetik eta Lejeuneri (59. min) eta Isiri (82. min) Rayo Vallecanoren partetik. Pacha Espino kaleratu du bi txartel hori erakutsita (17. eta 77. min).