Reala
EA Sports Liga
Realak 1-0 galdu du Valentziaren aurka
I. G. | EITB MEDIA
Hugo Durok jarri ditu aurretik Valentziakoak eta, etengabe saiatu arren, Reala ez da egoerari buelta emateko gai izan.
-
Becker, Valentziaren aurkako partidan. Argazkia: Efe.
Realak 1-0 galdu du Valentziaren aurka igande honetan Mestallan jokatu den EA Sports Ligako 20. jardunaldiko partida. Hugo Durok aurreratu ditu Valentziakoak eta, etengabe saiatu arren, Reala ez da egoerari buelta emateko gai izan.
Etxekoak zelaian agintzen hasi dira, hegaletik jokaldi azkarrak eginez, eta estrategia horrekin lehen sustoa eman diote Realari. Diego Lopezek erdiraketa bat jaso du area barruan, bakar-bakarrik, baina ezin izan du errematatu txuri-urdinen zorionerako. Realak antzeko jokaldiarekin erantzun du. Alguacilen jokalariek kontraeraso bat aprobetxatu dute Beckerrek Oskarssoni baloia eman ziezaion eta hori atezainaren aurrean bakarrik gera zedin. Aurrelari valentziarrak bezala, eskandinaviarrak ere kanpora bidali du errematea.
26. minutuan Valentziak aurrea hartu du markagailuan. Mosquera area ingurura igo da eta zortea probatu du urruneko jaurtiketa batekin. Desbideratuta joan da, baina Hugo Durok garaiz harrapatu du, eta sarera bidali (1-0).
Kontrako emaitzarekin, euskal taldea suspertu egin da, eta intentsitatea igo dute. Laster iritsi zaie partida berdintzeko aukera, Realeko bost bat jokalarik atera, jaurti eta errematatu duten jokaldi batean, baina Valentziako jokalari gehiegi zeuden area barruan.
Bigarren zatian Reala markagailua iraultzeko asmoz zelairatu da, eta Braisek aukera oso ona izan du, baina txutearen eta erdiraketaren artean geratu da. Kubo, Barrenetxea eta Olasagasti sartu dira, baina Gipuzkoako taldeari kosta egiten zitzaion.
Hugo Durok bigarren gola egin ahal izan du bere konturako, baina Remiro agertu da gola saihesteko jardun bikainarekin.
Ez da izango txuri-urdinak saiatu ez direlako. Valentziaren area eraso dute etengabe, baina aurkariak oso ondo babestu dira eta baloia atezainarengana heltzea eragotzi dute. Azkenean, Reala esku hutsik itzuliko da.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Mosquera, Tarrega, Gaya; Javi Guerra, Barrenechea; Rioja (Canos, 75. min), Almeida (Pepelu, 68. min), Diego Lopez (Fran Perez, 59. min); Hugo Duro.
0 - Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Aguerd, Pacheco (Olasagasti, 46. min); Sergio Gomez, Zubimendi, Brais Mendez (Sucic, 74. min), Javi Lopez (Barrene, 62. min); Becker (Take, 62. min) eta Oskarsson (Oyarzabal, 74. min).
Gola: 1-0, 26. min: Hugo Duro.
Epailea: Garcia Verdura. Txartel horia atera die Hugo Duro, Mosquera, Foulquier, Pacheco, Javi Lopez, Sergio Gomez eta Zubimendi jokalariei.