Reala
Europa Liga
Realak Lazio liderraren etxean jokatuko du, Europa Ligako lehen 8 postuetan sartzeko helburuarekin
EITB Media
Txuri-urdinek Erroman jokatuko dute sailkapeneko liderraren kontra, urtarrilaren 23an, 21:00etan. Garaipena lortuz gero, Donostiako taldea lehen zortzien artean kokatuko da, eta fase erregularra lehen zortzi postuetan amaitzeko aukerekin jarraituko du.
-
Realeko jokalariak Maccabi Tel Avivi sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Erroman jokatuko du, Lazioren aurka, urtarrilaren 23an, Europa Ligako 7. jardunaldiko partida. Txuri-urdinek garaipena lortu nahi dute, sailkapeneko lehen zortzien artean sartzeko lehian jarraitzeko.
Lazio Europa Ligako liderra da. Italiako taldeak bost garaipen eta berdinketa bat erdietsi ditu orain arte jokatutako 6 jardunaldietan. Bigarren den Athleticekin berdinduta dago; biek 16na puntu dituzte. Lazio iragan asteburuan Hellas Veronari 0-3 irabazi zion Italiako ligako (Serie A) partida, eta sailkapeneko laugarren postuan dago, Napoli liderrarekiko 11 puntura.
Partida gogorra izango dela aurreikusten dute txuri-urdinek, baina Europa ligako lehen zortzien artean sartzeko aukera du Realak, eta horrexeren bila aterako da. Aste honetan Hamari Traorek gainerakoekin entrenatu du berriz, epe luzez min hartuta egon ostean, baina ez da prest egongo Erromako hitzordurako. Arsen Zakharyanek ere min hartuta jarraitzen du, eta ez da deialdian sartu.
Ustezko hamaikakoak:
Lazio: Provedel, Tavares, Romagnoli, Gila, Marusic, Guendouzi, Rovella, Dele-Bashiru, Tchaouna, Isaksen eta Dia.
Reala: Remiro, Aihen, Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Zubimendi, Sucic, Gomez, Brais, Kubo eta Oyarzabal.
Epailea: Lawrence Visser (Belgika).
Estadioa: Erromako Olinpikoa.
Ordua: 21:00etan.