Reala
Espainiako Superkopa
Realak galdu egin du Real Madrilen aurka (3-2), eta finalik gabe geratu da
EITB Media
Txuri-urdinek porrot egin dute Madrilggo taldearen aurka Superkopako finalerdian, 3-2ko emaitzarekin. Ondorioz, Real Madrilek jokatuko du finala Bartzelonaren kontra.


Realak galdu egin du Real Madrilen aurka, 3-2ko emaitzarekin, Butarquen (Leganes) jokatutako Espainiako Superkopako finalerdia. Ondorioz, Donostiako taldea txapelketatik at geratu da, eta merengeek jokatuko dute finala Bartzelonaren kontra, urtarrilaren 26an.
Txuri-urdinei azkar jarri zaie neurketa maldan gora, Real Madrilek gola sartu baitu 4. minutuan; Weir izan da golegilea (1-0), area barruan baloia jaso eta erremate onarekin Lete atezaina gaindituta.
Gola jasota, Realak erasora jo du, eta pare bat abagune izan ostean, hirugarren aukeran ez du barkatu; Sarriegik 1-1ekoa jarri du markagailuan, 10. minutuan. Nerea Eizagirrek pase gurutzatu bikain eman dio Sarriegirik, eta honek bikain amaitu du Misa atezainarekin izandako buruz burukoa.
Lehen hamar minutuak nahiko eroak izan dira, joan-etorri askokoak. Hala ere, Realak neurketa berdindu ostean, Real Madril egin da baloiaren jabe. Bi taldeei kosta egin zaie gol aukerak sortzea. Madrilgo taldeak gertu izan du bigarren gola 35. minutuan, baina Caicedoren jaurtiketari erantzun ona eman dio Letek. Hurrengo jokaldian, ordea, Real Madrilek aurrea hartu du Angeldahlen golari esker (2-1). Caicedo area barruan sartu da, pasea eman dio suediarrari, eta talde merengeko jokalariak ez du barkatu txuri-urdinek babestutako ate aurrean.
Real Madrilen bigarren golak hauspotu egin du Alberto Torilek zuzendutako taldea, baina Reala sendo ibili da defentsako lanean. Hala, bada, txuri-urdinak aurkako 2-1eko emaitzarekin joan da atsedenaldira.
Bigarren zatian baloiaren jabe izan da Real Madril, eta Reala atzean sartzea lortu du. Dena den, Madrilgo taldeari kosta egin zaio gol aukera argiak sortzea. Neurketako 52. Minutuan epaileak Real Madrilen aldeko penaltia adierazi du, baina VAR sistema kontsultatuta area barruan ez dela faltarik egon argi geratu da, eta erabakia baliogabetu du.
Ondoren, parekotasuna izan da nagusi. Lehiako 70. minutuan, ordea, Caicedok gola sartu du, 3-1ekoa markagailuratuta. Kolonbiarrak jokaldi bikaina egin du, atzean utzi ditu aurkari guztiak eta ez du barkatu Lete atezainaren aurrean.
Real Madrilen golak ia erabakita utzi du partida. Dena den, Realak ez du etsi. Txuri-urdinek gola sartu dute 88. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du, azken errematea egin baino lehen Madrilgo taldeko jokalari bati egindako faltarengatik.Geroago, 94. minutuan, Sarriegik gola sartu du, 3-2koa, area txkian errematea egin eta Misa gaindituta.
Azken segundora arte ekinean jarraitu du Realak, eta partidako azken jokaldi nahasian gertu izan du gola; Real Madrilek, ordea, baloia aldentzea lortu du estutasun askorekin izan bada ere.
Amaieran, Reala galtzaile izan da (3-2), eta Real Madrilek eskuratu du finalerako txartela.
Fitxa teknikoa:
3. Real Madril: Misa Rodriguez; Sheila Garcia (Teresa Abelleira, 81. min), Maria Mendez (Antonia, 81. min), Maëlle Lakrar, Olga Carmona, Sandie Toletti, Melanie Leupolz (Athenea del Castillo, 27. min), Filippa Angeldal, Caroline Weir (Alba Redondo, 75. min), Linda Caicedo (Eva Navarro, 81. min), Signe Bruun.
2. Reala: Elene Lete, Emma Ramirez (Cecilia Marcos, 86. min), Lucia Rodriguez, Nahia Aparicio, Izarne Sarasola (Elene Guridi, 86. min), Andreia Jacinto, Klara Cahynova, Sanni Franssi (Lorena Navarro, 86. min), Nerea Eizagirre (Mirari Uria, 78. min), Lucia Pardo (Inzta Egiguren, 59. min), Amaiur Sarriegi.
Golak: 1-0, 4. min: Weir; 1-1, 10. min: Amaiur; 2-1, 37. min: Angeldahl; 3-1, 72. min: Caicedo; 3-2, 95. min; Amaiur.
Epailea: María Planes. Txartel horiak atera dizkie Egiguren (73. min) eta Sarasola (84. min) Realeko jokalariei.