Itxi

Reala

Europa Liga

Realak garesti ordaindu du Lazioren aurkako partida hasiera kaskarra (3-1)

I. G. | EITB Media

Aihenek jasotako txartel gorriak eta ordu erdian jasotako hiru golek porrotera eraman dute Reala, luze egin zaion partidan. Barrenetxeak sartu du ohorearen gola.

1:35
Lazio vs Reala

Realak 3-1 galdu du Lazioren aurka Olinpico zelaian jokatu den Europa Ligako 7. jardunaldiko partidan. Aihenek jasotako txartel gorriak eta ordu erdian jasotako hiru golek porrotera eraman dute Reala, luze egin zaion partidan. Barrenetxeak sartu du ohorearen gola.

Italiako taldea goizegi jarri da aurretik markagailuan, 5. minuturako. Txuri-urdinek ondo urrundu ez duten geldikako jokaldi bat aprobetxatu dute eta Gilak sare barrura bidali du aldaratzea (1-0).

Realari kosta egin zaio partidara lotzea eta aurrelariekin konektatzea, arriskua sortzeko. Etxekoak, ordea, eroso zeuden zelaian. Remiro eta Brais izan dira euren taldearen salbatzaileak Lazioren beste aukera argi batean. Atezainak geldiketa ona egin du aurrez-aurrekoan, eta Braisek gol marratik atera du aldaratzea, aurkariak gola kantatzen ari zirela.

Gipuzkoako taldearen lehen aukera argia Sucicek zutoinera bidalitako jaurtiketa indartsu bat izan da, estadioa isilaraziz.

Euskaldunen kalterako, Aihen Muñozek bigarren txartel horia ikusi du, Reala bat gutxiagorekin utziz, ordubete falta zenean. Gainera, ia jarraian Laziok abantaila handitu du Zaccagniren golarekin (2-0).

Castellanosek hirugarren gola sartu du ezker hegaletik egindako erdiraketa bikain errematatuta, Reala ordu erdian hondoratuz (3-0).

Bigarren zatirako Imanolek taldea aldatu du, baloiaren jabetza irabazteko eta bat gutxiagorekin zeudela disimulatzeko asmoz bost aldaketak azkar erabiliz. Baina ezinezkoa izan da. Laziok etengabe nagusi izaten jarraitu du, eta Realaren area zelatatzen.

Hala ere, txuri-urdinek borrokan jarraitu dute zerbait positiboa ateratzeko, eta 82. minutuan Aramburuk erdiraketa-jaurtiketa bat atera du, atezainak gelditu duena, baina Barrenetxea adi egon da aldaratzea hartu eta gola egiteko (3-1).

Realak bigarren zati ona burutu du, baina ezin izan du miraria lortu eta galdu egin du.

Fitxa teknikoa:

3 - Lazio: Mandas; Marusic, Gila, Romagnoli, Tavares (Dele-Bashiru, 43. min); Guendouzi, Rovella; Isaksen (Noslin, 55. min), Zaccagni (Tchaouna, 56. min), Boulaye Dia (Balde, 76. min) eta 'Taty' Castellanos (Pedro, 46. min).

1 - Reala: Alex Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 71. min), Aihen; Zubimendi (Elustondo, 46. min), Sucic, Brais Mendez (Javi Lopez, 36. min); Becker, Kubo (Barrenetxea, 46. min) eta Oyarzábal (Pablo Marín, m.46).

Golak: 1-0, 5. min: Mario Gila; 2-0, 32. min: Zaccagni; 3-0, 34. min: 'Taty' Castellanos; 3-1, 82. min: Barrenetxea.

Epailea: Lawrnce Visser. Txartel horia atera die Rovella, Zaccagni eta Zubimendi jokalariei. Aihen Muñoz kanporatu du txartel hori bikoitzarekin.