Reala
EA Sports Liga
Aitzakiarik gabeko porrota jaso du Realak Getaferen aurka (0-3)
EITB MEDIA
Getafek talde txuri-urdinaren itxaropenak uxatu dituen partidan, Imanolen taldeak hiru gol jaso ditu. Neurketako golegileak Uche eta Carles Perez izan dira (2).
-
Real Sociedad VS Getafe Argazkia: EITB Media
Realak Getaferen aurka 0-3 galdu du Reale Arena futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita batgarren jardunaldian. Hiru golak bigarren zatian iritsi dira. Christantus Uchek aldaratze bat harrapatu du area barruan baloia Remiroren ate barrura bidaliz 72.ean, eta Carles Perezek bi gol sartu ditu 74.ean eta 85.ean.
Partidaren hasieran Getafek etxeko taldeak baino arrisku gehixeagorekin hasi du partida, luze jokatuz. Bordalasen mutilek presioa egin dute, eta Reala deseroso ikusten zen. Izan ere, lehen ordu laurdenean, kontrako atera iritsi den talde bakarra Madrilgo taldea izan da.
Getaferen presioa ez zen handiegia, baina Realak ezin izan ditu lerroak gainditu. Imanolen taldeak ez zuen ez presionatzen, ez kontraerasorik egiten eta, harrigarria bada ere, Bordalasen mutilek izan dute baloi jabetza gehien lehen 20 minutuetan.
32. minutuan iritsi da Realaren lehen abagunea, Take Kubok egindakoa. Jokalariak atzeko lerroraino bota du baloia, baina paseak ez du lagunik aurkitu.
Realak gora egin du Take Kuboren erritmoan, eta lehen zatiko azken txanpan iritsi da aukerarik argiena. Kubok eskuinarekin egindako erdiraketa bat atzeko lerrora iritsi da, Oyarzabal apur bat behartuta buruz bota du baloia atera, eta Soriak bi denboratan geldialdi egin ditu.
Gipuzkoako taldearen hirugarren aukera ere jokalari japoniarrak sortu du, 43. minutuan. Kubok baloia filtratu du Oyarzabali emateko, erdiraketa Zubeldiak buruz egin du, eta Getaferen atezainak eskua sartu behar izan du kornerrera aldentzeko.
Azkenean, atsedenaldian markagailu elektronikoak hutseko berdinketa adierazten zuen.
Aldageletatik itzulitakoan, partida amaitu bezala hasi da, futbol gutxirekin eta etenaldi askorekin. VARak Jon Ander Olasagastik Ricori egindako penalti bat baliogabetu ostean, Getafe etxekoen areara iristen hasi da.
Izan ere, Madrileko taldeak Realaren areara iritsi den bi abaguneetan gola egin du. Borja Mayoralel aldaratutako errematea Christantus Uchek sarean sartu du (0-1), eta Ricoren erdiraketa bikaina Carles Perezek Ramiroren ate barrura bidali du (0-2).
Erreakzioaren bila, Realak erasora jo du, baina Brais Mendezen eta Kuboren jaurtiketak kanpora joan dira. Bordalasen taldearen hirugarrena orduan iritsi da. Uchek baloia Carles Perezi eman dio, eta kataluniarrak baloia Remiroren ate barrura bidali du (0-3).