Itxi

Reala

Danimarkan

Realak emaitza ona nahi du Midtjyllanden aurka, Europa Ligako play-offetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Donostiako taldea jokatutako azken bi neurketak irabaztetik dator, eta gaurko hitzorduan kanporaketa bideratzen lagunduko dion garaipena bilatuko du.

  • Realaren artxiboko irudia.

    Realaren artxiboko irudia. EFE

Realak Midtjylland taldearen kontra jokatuko du gaur arratsaldean, Danimarkan, Europa Ligako final-zortzirenetara sailkatzeko fasean, Imanolen aginduetara Europako Txapelketa batean kanporaketa bat lehen aldiz gainditzeko asmoz.

Txuri-urdinak une onean iritsiko dira partidara, azken bi neurketak irabazi baitituzte: Osasunaren aurka Kopan, eta Espanyolen aurrean, ligan.

Alguacilek hainbat baja ditu taldean; izan ere, Alvaro Odriozola, Aihen Muñoz, Igor Zubeldia eta Hamari Traore ez daude jokatzeko moduan, min hartuta daude eta.

Mikel Oyarzabal, Takefusa Kubo eta Brais Mendez ohiko jokalariak, berriz, prest daude, ligako azken jardunaldian atseden hartu ostean. Europa Ligako final zortzirenetara aurrera egitea da helburua: Tottenham eta Manchester United izan ditzakete aurkari, besteak beste.

Midtjylland taldearentzat Realaren kontrako kanporaketa erronka esanguratsua da. Azken urteetan gorantz egiten ari da, eta Europa Ligako final-hamaseirenetan aurrera egin nahi du, eta orain arteko lorpen handiena da hori. Taldekideen artean, Mikel Gogorza hegaleko futbolaria dago: jaiotzez danimarkarra den arren, jatorri errenteriarra du.