Reala
Parranda egiteagatik
Frantziak Griezmann 2013 bukaerara arte zigortu du
Erredakzioa
Aurrelari txuri-urdinak ezin izango du Frantziako selekzioarekin jokatu abenduaren 31ra arte, Wissam Ben Yedder Tolouseko, Chris Mavinga Renneseko eta Mbaye Niang Milango jokalariek bezalaxe.
-
Antoine Griezmann Realeko jokalaria. EITB
Frantziako Futbol Federakundeak Antoine Griezmann Realeko jokalaria 2013ko abenduaren 31ra arte zigortu egin du parranda egitea egotzita, eta ordura bitartean ezingo du hango selekzioekin jokatu, hainbat komunikabidek jakitera eman dutenez.
Aurrelari txuri-urdinak ezin izango du Frantziako selekzioarekin jokatu abenduaren 31ra arte, Wissam Ben Yedder Tolouseko, Chris Mavinga Renneseko eta Mbaye Niang Milango jokalariek bezalaxe.
Yann M'Vila Renneseko jokalariari zigorrik gogorrena ezarri diote; izan ere, ezin izango du Frantziako selekzioarekin jokatu 2014ko ekainaren 30era arte.
Azken jokalari honek aurrekariak ditu eta horregatik zigor gogorragoa ezarri diote. Laurent Blanc hautatzailea zela berdegunea entrenatzailea agurtu barik utzi zuen M'Vilak, Eurokopako final-laurdenetan.
M'Vila, antolatzailea
Gainera, jazotako testigantzen arabera, M'Vilak bost jokalarien parranda antolatu zuen, 21 urtez azpiko selekzioak Norvegiaren kontra jokatu beharreko partidaren bezperan. Norgehiagoka erabakigarria zen Europako txapelketarako txartela lortzeko.
Bost jokalariek kontzentraziotik ihes egin zuten Le Havren, Eskandinaviako taldea joaneko neurketan 1-0 mendean hartu eta gero, urriaren 12an.
Goizaldean Eliseoko Zelaietako Crystal diskotekan ikusi zituzten, Parisen.
Urriaren 16an, Norvegian, Frantziak 5-3 galdu zuen eta Pariseko komunikabideek ihesaldiaren berri eman zuten berehala. Jokalariek kritika gogorrak jaso zituzten.
Didier Deschamps Frantziako hautatzaileak gogor kritikatu zituen. Frantziako elastikoa janzterik ez zutela adierazi zuen Deschampsek.