Reala
EA Sports Liga
Realak porrota jaso du Mallorcaren aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (0-2)
EITB Media
Alguacilen taldeak ez du asmatu Mallorcari aurre egiten, gutxirekin hiru puntu lortu baititu. Bada, Europako postuetatik urrundu egin da talde donostiarra, Balearretako taldeak sailkapenean gainditu baitu.
-
Real Sociedad VS. Mallorca Foto: EFE
Realak 0-2 galdu du Mallorcaren aurka Reale Arena futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita hamaikagarren jardunaldian. Mallorcak Realaren akatsak baliatu ditu Donostian 0-2 irabazteko. Lehen gola 20. minutuan iritsi da, Cyle Larinen erremate bati esker. Bigarrena, berriez, Sergi Darderrek egin du (47), area kanpotik egindako jaurtiketa on batekin, eta Alex Remirok gelditu ez duena.
Norgehiagokako lehen minutuak tanteokoak izan dira bi taldeentzat, baina ekimena Realak eraman du. Talde txuri-urdinak baloiarekin agintzen zuen aurkariaren zelaian, baina Reale Arenako markagailuan nagusitu gabe. 12. minutuan, Oyarzabalek Realaren lehen gola egin du, eta baliorik gabe geratu da, jokoz kanpo zegoelako.
Behin lehen zatiaren erdialdea igarota, bisitariak markagailuan aurretik jarri dira. Barrenetxeak egindako huts baten ondoren, Darderrek baloi bikaina pasa dio Larini, eta azken horrek Remiroren ate barrura bidali du baloia (0-1).
Hurrengo jokaldian, Pablo Marinek izan du gol aukera. Etxeko erdilariak zartakoa eman dio baloiari, baina Greifek eskua atera du Realeko jokalariaren gola saihezteko. BerriRo saiatu da talde gipuzkoarra Kubok area kanpotik egindako jaurtiketa batekin, baina baloia gora joan zaio.
Lehiak oso irekita jarraitu du Reale Arenan, baina Realak ez du asmatu, eta atsedenaldira norgehiagoka galduta joan da.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Darderrek bigarren gola egin du Mallorcarentzat. Darderrek baloia jaurti du, baina gola Remiroren akatsagatik izan da neurri handi batean, baloia ihes egin baitzaio (0-2) .
Epikaren bila, etxeko taldea azkar erantzuten saiatu da Sergio Gomez sartu berriarekin, ezker hegaletik. Izan ere, baloia area txikira erdiratzeko gai izan da, baina errematatzailerik aurkitu gabe.
Era berean, Jon Martinek korner batean, buruz, aldea murriztear egon da, baina Griefek eskua atera du gola saiheztuz.
Realak ez du partidari buelta emateko gaitasunik izan, eta talde gipuzkoarra bederatzigarren postura jaitsi da, hasieratik zituen 41 puntuekin. Horrela, LaLiga EA Sportsen Europako postuetatik urrundu egin da talde txuri-urdina, Balearretako taldeak sailkapenean gainditu baitu.
Fitxa teknikoa:
,0 - Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Aritz, Aihen; Zubimendi, Marin (Olasagasti, 72. min), Sucic (Oskarsson, 56. min); Kubo (Mariezkurrena, 72. min), Oyarzabal eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 46. min).
2 - RCD Mallorca: Greif; Maffeo, Valjent, Raillo, Copete, Mojica (Lato, 85. min); Samu Costa, Darder; Antonio Sanchez (Morey, 85. min), Laryn (Abdon, 79. min), Dani Rodriguez (Mascarell, 72. min).
Golak: 0-1, 20. min: Larin; 0-2, 47. min: Darder.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Realeko Oyarzabal (73), Zubimendi (90) eta Aritz (90+2) jokalariei; eta Maffeo (90+5) Mallorcako jokalariari.