Reala
EA SPORTS LIGA
Sorlothen poker batek Reala hondoratu du ordu erdian (4-0)
I. G. | EITB Media
Norvegiarrak talde txuri-urdinaren animoak eten ditu, hiru gol lau minutuan eginez Ligako historiako hat-trick azkarrena lortuta. Gainera, ordu erdira laugarrena egin du.
-
Sorloth goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Alexander Sorloth Realeko jokalari ohiaren poker batek porrot latza sufritzera zigortu du Reala Atletico Madrilen aurka (4-0) larunbat honetan Metropolitanon jokatu den EA Spots Ligako 35. jardunaldiko partidan. Norvegiarrak talde txuri-urdinaren animoak eten ditu, hiru gol lau minutuan eginez Ligako historiako hat-trick azkarrena lortuta. Gainera, ordu erdira sartu du laugarrena.
Atletico nagusi izan da lehen jokalditik, eta berehala egin dio min Realari. Barriosek eskuinaldean jaso du baloia, eta hegaletik gidatu du Sorlothi erdiraketa bikaina egiteko. Horrek lehen ukituan errematatu du markagailua irekitzeko. Remirok zerbait gehiago egin ahal izan du erdiratuta joan den jaurtiketan, baina indar gehiegirekin joan da gelditzeko (1-0).
Gainera, Realeko jokalari ohiak beste bi gol sartu ditu bi minutuan. Elustondori iskin eginda, Remirok gelditu ezin izan duen jaurtiketa gurutzatu batekin sartu du partidako bigarrena (2-0).
Hirugarrena, berriz, txuri-urdinen defentsaren huts baten ondorioz heldu da, baloia norvegiarraren aurrean gelditu ostean, sare barrura bidali baitu (0-3).
Alexander Sorlothek Ligaren historiako hat-trick azkarrena egin du, lau minutuan.
Ordu erdira, Galan hegaletik igo da eta Sorloth bakarrik ikusi du area barruan, honek baloia kontrolatu du, eta ezkerkada batekin laugarrena egin du (4-0).
Realak ezer gutxi egin ahal izan du. Kubo izan da min egiten gehien saiatu dena, eskuin hegaletik, baina ez du lortu aurkaria gainditzea.
Bigarren zatian, Imanolek aldaketa hirukoitza egin du, Mariezkurrena, Zubeldia eta Sergio Gomez Oyarzabal, Kubo eta Barrenetxearen ordez sartuz. Partidaren gidoia, hala ere, ez da batere aldatu. Mariezkurrenak txuri-urdinek atera egin duten lehen jaurtiketa egin du areaz kanpotik, eta Oblakek arazorik gabe gelditu du.
Gainerakoan, dena erabakita zegoen, eta, Reala saiatu arren, etxekoek agintzen jarraitu dute, eta garaipen lasaia lortu dute.