Reala
EA Sports Liga
Realak porrot batekin esan dio agur egindako denboraldi kaskarrari (2-0)
L. E. A. | EITB MEDIA
Mbappek egin ditu neurketako bi golak, Imanol Alguacilek talde donostiarra aulkitik zuzendu duen azken partidan.
-
Realeko jokalariak, Mbappek sartutako lehen golaren ostean. Argazkia: Efe.
Realak Real Madrilekin galduta esan dio agur 2024-25 denboraldiari, EA Sports Ligako 38. jardunaldian. Neurketa Imanolen agur ofiziala izan da Realaren partetik, eta Ancelottirena eta Modricena madrildarren partetik.
Orioko entrenatzaileak aldaketa ugari egin ditu hasierako hamaikakoan, aurreko neurketakoarekin alderatuta. Besteak beste, Marrero atezaina, Mariezkurrena, Jon Martin, Aihen eta Aramburu hasieratik zelairatu ditu.
Lehen minutuetan madrildarrak nagusi izan dira eta Mbappek aukera argiak izan ditu, lehenengo biak lehen ordu laurdenean. Frantziarrak gol bakarra behar zuen urrezko bota irabazteko eta horren bila aritu da neurketa osoan.
Donostiarrek ere arriskua sortu dute Luninen atearen inguruan. Sergio Gomezek eta Pablo Marinek gertu izan dute Reala markagailuan aurreratzea.
Baina gola Ancelottiren taldeak egin du VARaren bidez adierazitako penalti batean. Pablo Marinek eskuarekin ukitu du baloia area barruan eta epaileak, jokaldia aztertu ostean, penaltia adierazi du. Zigorra Mbappek jaurti du 38. minutuan, Marrerok geldiketa bikaina egin dio, baina aldaratzea frantziarrari iritsi zaio eta bigarren aukeran ez du barkatu (1-0).
Bigarren zatian, Imanolek Olasagasti zelairatu du Pablo Marinen ordez. Lehen aukera Mbappek izan du berriro, baina jaurtiketa gora joan zaio.
Mariezkurrena ere saiatu da, arean abiaduraz sartuta, baina honi ere jaurtiketa kanpora joan zaio, gutxigatik.
Minutuek aurrera egin dute eta madrildarren nagusitasunari aurre egiteko Imanolek Oyarzabal, Barrene eta Zubimendi zelairatu ditu, baina gauzak ez dira asko aldatu.
Mbapperen bigarrena
83. minutuan, Mbappek etxeko taldearen bigarrena egin du, ezkerkada baten bidez, bere taldearen garaipena ziurtatuz.
Neurketako azken aukera Braisek izan du 91. minutuan, baina bere jaurtiketa gora joan da.
Porrot honekin Realak aurten egindako denboraldi kaskarra amaitu du. Txuri-urdinak 11. geratu dira ligako sailkapenean.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Lunin; Lucas Vazquez (Gonzalo, 77. min), Tchouameni (Vallejo, 56. min), Asencio, Fran Garcia; Fede Valverde, Modric (Chema, 86. min), Ceballos; Arda Güler, Brahim (Vinicius, 56. min) eta Mbappe.
0 - Reala: Marrero; Aramburu, Jon Martín, Pacheco, Ahien Muñoz; Turrientes (Zubimendi, 71. min), Sucic (Brais Mendez, 84. min), Pablo Marin (Olasagasti, 46. min); Take Kubo, Sergio Gomez (Barrenetxea, 71. min) eta Mariezkurrena (Oyarzabal, 71. min).
Golak: 1-0, 38. min: Mbappe. 2-0, 83. min: Mbappe.
Epailea: Melero Lopez (Andaluziako batzordekoa).