Itxi

Reala

Bigarren taldea

Jon Ansotegik Sanse entrenatuko du datorren denboraldian

EITB MEDIA

Lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izan da orain arte. Imanol Agirretxe izango da Ansotegiren laguntzailea aulkian.

  • Jon Ansotegi, Sanseko entrenatzailea

    Jon Ansotegi, Sanseko entrenatzailea. Irudia: Reala

Jon Ansotegi izango da Sanseren entrenatzailea datorren sasoian, Realak ostegun honetan iragarri duenaren arabera. Lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izan da orain arte; aurrerantzean, Realaren bigarren taldearen ardura hartuko du. Imanol Agirretxek lagunduko dio aulkian. Azken aste hauetan zeregin horretan dihardu, Iosu Rivasekin.

Realaren lehen taldean hamaika denboraldiz jokatzeaz gain (227 partida), harrobiaren bigarren formazio etapa koordinatzen abiatu zuen teknikari lana Ansotegik. Ondoren, lehen taldearekin bat egin zuen, eta zazpi sasoiz aritu da han lanean.

Bestetik, Imanol Agirretxek hamar denboraldi eman zituen Realean jokatzen (272 neurketa). Futbola utzi ostean, harrobi txuri-urdinean hasi zen, aurrelariekin bakarkako lanean, kadete mailatik Sansera bitarteko futbolariekin. Era berean, utzita dabiltzaten lehen taldeko jokalarien arduraduna ere izan da.