Reala
Erretiroa
Gonzalo Arconadak amaiera eman dio bere kirol ibilbideari, Realean
EITB MEDIA
63 urteko donostiarrak erretiroa hartu du, eta bukatu egin du entrenatzaile bezala egindako ibilbide arrakastatsua.
-
Gonzalo Arconada. Irudia: Reala
Gonzalo Arconada 63 urteko teknikari donostiarrak Realean izan duen kirol ibilbideari amaiera eman dio, erretiroa hartu baitu.
Atzean utzi du, horrenbestez, entrenatzaile bezala egindako ibilbide luze eta arrakastatsua; izan ere, lau hamarkada baino gehiago eman ditu jokalariak hazten eta taldeak gidatzen, lanean ibili den maila guztietan.
Entrenatzaile gisa, La Sallen hasi zen. Ondoren, bost denboraldi egin zituen Loiolako Danak Kirol Elkartean. Horren ostean, Real Union kluba zuzendu zuen, eta gerora, Irunen bere etapa bukatu eta gero, Tolosa eta Beasain taldeak entrenatu zituen. Hurrengo urtean, Gonzalok Realarekin sinatu zuen eta bost denboraldi eman zituen bertan. Gizonezkoen lehen taldea zuzentzeko aukera izan zuen, baina soilik zortzi partidatan. Ondoren, Burgosen jarraitu zuen bere ibilbidea, eta Bigarren Mailarako igoera gutxigatik ez zuen lortu, baina, azkenean, ez zuen gauzatu. Hala ere, bere hurrengo taldearekin, Numantziarekin, Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Horrez gain, Almeria, Tenerife, Mirandes, Jaen eta Barakaldo ere zuzendu zituen.
Bere ibilbidearen azken txanpan, Realera itzuli zen, emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea izateko. Arconadaren aginduetara, txuri-urdinek hiru denboraldi arrakastatsu egin zituzten, eta azpimarratzekoa da, bereziki, 2019an irabazitako Erreginaren Kopako titulua.
Azkenik, Zubietako harrobiko hainbat talderekin ibili zen lanean; halaber, Realaren harrobiko futbolarien banakako hobekuntza prozesuan aritu izan da.
Klubak zorionak eta eskerrak eman dizkio Gonzalo Arconadari, klubari lotuta egon den urte guztietan emandako zerbitzuengatik.