Itxi

Txapeldunen Liga

E, F, G eta H multzoak

Txapeldunen Liga: Roma, Basilea, Arsenal eta Braga, sailkapenaren bila

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Italiarrak eta suitzarrak final-zortzierentarako txartela dute jokoan E multzoan. Helburu bera dute ingelesek eta portugaldarrek H multzoan.

Asteazken honetan jokatuko da Txapeldunen Ligako taldekako faseko seigarren eta azken jardunaldia. E, F, G eta H multzoko taldeak ariko dira nor baino nor 20:45etik aurrera.

Multzo batzuetan dena dago erabakita eta beste multzo batzuetan gauza asko daude erabakitzeke. Adibidez, E multzoan Bayern Munich da final-zortzirenetarako sailkatuta dagoen talde bakarra. Romak eta Basileak sailkapena daukate jokoan. Italiarrek sailkapena lortzen dute Clujen aurka berdinduta edo irabazita. Basileak Bayerni irabazi beharra dauka Alemanian eta Romak ez diezaiola Cluji irabazi.

H multzoan ere ez dago dena erbakita. Shakhatar Donetsk da liderra, baina ez du lehen postua ziurtuta. Ukarinarrak final-zortzirenetarako sailkatuta daude eta nahikoa dute Sporting Bragaren aurka berdintzearekin multzoko lehen postua eskuratzeko. Bragak eta Arsenalek jokoan dute hurrengo faserako sailkapena. Ingelesek garaipena lortu beharra daukate jokoan ezer ez duen Partizanen aurka. Sporting Bragak gol askogatik irabazi beharra dauka Shakthar Donetsken aurka sailkapena lortzeko. Bestela, ukarinarrei irabazi eta Arsenalek Partizani ez irabaztea behar du.

Dena erabakita dago F multzoan. Chelsea multzoko lider moduan eta Marsella bigarren sailkatu bezala, sailkatuta daude final-zortzirenetarako. Elkarren aurka ariko dira gainera jardunaldi honetan. Spartak Moskuk hirugarren postua ziurtatuta dauka eta Europa Leaguea jokatuko du. Inongo aukerarik ez duen eta kanporatuta dagoen Zilinaren aurka jokatuko dute errusiarrek.

G multzoan ia dena erabakita dago. Multzoko lehen bi postuak bai behintzat. Real Madril final-zortzirenetako zozketan egongo da multzoko lider moduan eta Milan ere bertan izango da bigarren sailkatu bezala. Ajaxek (4 puntu) eta Auxerrek (3 puntu) Europa Leaguerako sailkapena dute jokoan. Holandarrek San Siron jokatuko dute Milanen aurka eta frantziarrek Santiago Bernabeun egingo diote aurre Real Madrili.