Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak
PSG-Manchester United eta Porto-Erroma, asteazkenean jokatuko diren itzuliko partidak
eitb.eus
Paris eta Porto izango dira asteazkeneko final-zortzirenetako itzuliko partidak hartuko dituzten hiriak. PSGk 0-2 irabazi zion Unitedi joaneko partida, eta Erromak 2-1 Portori.
-
Mbappe, Buffonekin gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Asteazken honetan jokatuko dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko bi partida. Parisen, PSG-Manchester United neurketa jokatuko da. Porton, aldiz, Porto-Erroma norgehiagoka.
Paris Saint Germain faborito argia da Manvchester Uniteden aurka, joaneko partida 0-2 irabazi baitzuen Old Trafforden. Frantziako taldean ezingo du Neymarrek jokatu, baina Cavani eta Maunier jokatzeko prest izango ditu. Unitedek oso zail du emaitza iraultzea. Pogbak ezingo du jokatu, txartel gorria ikusi baitzuen joaneko partidan. Gainera, min hartuta daude Ander Herrera, Juan Mata, Anthony Martial, Jesse Lingard, Nemanja Matic, Phil Jones, Alexis Sanchez, Antonio Valencia eta Matteo Darmian jokalariak, eta ez dute jokatuko.
Asteazken honetako beste partidan, Porto eta Erroma ariko dira aurrez aurre O Dragaon. Talde italiarrak 2-1 irabazi zuen joaneko norgehiagoka, eta emaitza iraultzera behartuta dago Portugalgo taldea. Portok jokatzeko prest izango du Marega, baina zalantza du Militaorekin, azken bi partidak ez baititu jokatu, gauez egin zuen irteera bategatik. Bestalde, Erromak prest izango ditu zalantza ziren Zaniolo eta Manolas.