Itxi

Txapeldunen Liga

FINAL-ZORTZIRENAK

Liverpoolek eta Bartzelonak final-laurdenetan egongo diren taldeekin bat egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ingelesek Bayerni irabazi diote Alemanian (1-3), eta, bere aldetik, Bartzelonak nagusitasunez kanporatu du Lyon (5-1).

  • Manek Liverpoolen bi gol sartu ditu

    Manek Liverpoolen bi gol sartu ditu. Argazkia: EFE

Liverpool Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu da Bayern Munichi 1-3 irabazi eta gero. Lehiaketako egungo txapeldunordea bere aurkari baino gehiago izan da norgehiagokan zehar, eta hiru gol lortu ditu: Sadio Mane aurrelariak bi erdietsi ditu, eta Van Dijk atzelariak egin du hirugarrena.

Jurgen Kloppek zuzentzen duen taldeak norgehiagoka adimentsua jokatu du, eta alemaniarrek erasora joateko zuten beharrizanari probetxua ateratzen jakin du. Hain zuzen ere, dituen arma gehienak plazaratu ditu Allianz Arenan, eta etxean ari zen aurkaria ezustean harrapatu du.

Horrez gain, 20 minuturen faltan jaso duten bigarren golak, indarge utzi ditu Nico Kovacen jokalariak, eta, horrenbestez, txapelketatik kanpo geratu dira.

Fitxa teknikoa:

1 - Bayern: Neuer, Rafinha, Sule, Hummels, Alaba, Javi Martinez (Goretzka, 72. min), Thiago, Gnabry, James (Renato Sanches, 78. min), Ribery (Coman, 61. min), Lewandowski.

3 - Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Matip, Van Djik, Robertson, Henderson (Fabinho, 13. min), Wijnaldum, Milner (Lallana, 87. min), Salah, Firmino (Origi, 83. min), Mane.

Golak: 0-1, 26. min: Mané. 1-1, 39. min: Matip (bere atean). 1-2, 69. min: Van Djik. 1-3, 84. min: Sane.

Epailea: Daniele Orsato (Italia). Txartel horiak: Thiago eta Renato Sanches (Bayern); Fabinho, Matip eta Robertson (Liverpool).


Messiren golek eta asistentziek Bartzelona sailkatu dute

Messi eta Luis Suarez. Argazkia: EFE

Jardunaldiko bigarren kanporaketan, Bartzelonak 5-1 gainditu du Lyon, eta final-laurdenetan izateko eskubidea bereganatu du. Markagailuko aldeak besterik iradoki dezakeen arren, katalanek ez dute neurketa erabakita utzi norgehiagokako azken ordu laurdenera arte. Tarte horretan, Lionel Messi argentinarra distiratsu aritu da gol bat sartu eta goleko bi pase emanda.

Bartzelona nagusi izan da lehen zatian, Messiren (18. min) eta Coutinhoren (31. min) golen eskutik, baina frantziarrek lehia estutu dute bigarren zatian, eta Lucas Tousartek aldea murriztea lortu du (58. min).

Haatik, Messik ohikoak dituen bakarkako jokaldi horietako bat gauzatu du 78. minutuan, eta lasaitasuna eman dio bere taldeari.

Lyonek aurrera jotzea beste aukerarik ez du izan, eta Bartzelonak kontraeraso bitan gainerako bi golak sartu ditu: bata, Piquek eta bestea, Dembelek, baina bata zein bestea argentinarrak emandako paseen ostean.

Fitxa teknikoa:

5 - Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto (Semedo, 83. min), Pique, Lenglet, Jordi Alba, Sergio Busquets, Rakitic, Arthur (Arturo Vidal, 74. min), Messi, Coutinho (Oumane Dembele, 70. min) eta Luis Suarez.

1 - Lyon: Lopes (Gorgelin, 34. min), Dubois, Denayer, Marcelo, Marçal, Mendy (Cornet, 77. min), Tousart, Fekir, Ndombele, Moussa Dembele eta Depay (Traore, 73. min).

Golak: 1-0, 18. min: Messi (penaltiz). 2-0, 31. min: Coutinho. 1-2, 58. min: Tousart. 3-1, 78. min: Messi. 4-1, 80. min: Pique. 5-1, 86. min: Ousmane Dembele.

Epailea: Szymon Marciniak (Polonia). Txartel horiak: Lenglet (Bartzelona); Marçal eta Moussa Dembele (Lyon).