Txapeldunen Liga
Final-laurdenak (joanekoak)
Txapeldunen Liga: Garaipena, Manchesterrek eta Bartzelonak
Josu Bilbao
Erredakzioa
Katalanek 5-1 gainditu dute Shakhtar Donetsk eta kanporaketa ia erabakita utzi dute. Ingelesek 0-1 irabazi dute Stamford Bridge estadioan Chelsearen aurka.
Bartzelonak eta Manchester Unitedek aurrera pausu handi eman dute euren kanporaketak irabazteko. Blaugranek 5-1 gainditu dute Shakhtar Donetsk talde ukrainarra arazo handirik gabe eta Alex Fergussonen mutilek ezustekoa eman dute etxetik kanpora Chelsea 0-1 gaindituz Rooneyren golari esker.
Guardiolaren mutilek ezin hobeto hasi dute norgehiagoka, lehen zatiko 2. minutuan Iniestak 1-0ekoa lortu duelako. Hala ere Ukrainiako taldeak asko sakatu du erasoan eta Bartzelonak arazoak izan ditu defentsan. Luiz Adrianok aukera paregabea izan du 11. minutuan, baina brasildarraren zartakoa kanpora joan da gutxigatik. 18. minutuan Messik bigarrena lortzeko aukera ona izan du eta apurka katalanek partidaren kontrola hartu dute. 2-0ekoa Dani Alvesek lortu du 33. minutuan eta atsedenaldira blaugranak aurretik joan dira markagailuan.
Bigarren zatian Shakhtar Donetskek asko sufritu dute defentsan eta 53. minutuan Piquek 3-0ekoa lortu du etxeko taldearentzat. Lucescuren taldeak 3-1ekoa lortu du Rakitskiyk lortutako golari esker (59. minutuan), baina minutu bat geroago Keitak 4-1ekoa jarri du ezkerkada gogor batez. Azken minutuetan Guardiolaren mutilek erraztasunez agindu dute eta 86. minutuan Xavik azken 5-1ekoa jarri du kanporaketa erabakita uzteko.
- Fitxa teknikoa:
5. Bartzelona: Victor Valdes; Dani Alves, Pique, Busquets, Adriano; Xavi, Mascherano, Keita; Messi, Villa (Pedro, min.70) eta Iniesta (Afellay, min.90).
1. Shakhtar Donetsk: Pyatov; Srna, Ishchenko, Rakitskiy, Rat; Mkhitaryan, Hübschman (Eduardo, min.83); Douglas Costa, Jadson (Fernandinho, min.70), Willian (Alex Teixeira, min.75); eta Luiz Adriano.
Golak: 1-0, min.2: Iniesta. 2-0, min.32: Dani Alves. 3-0, min.54: Pique. 3-1, min.59: Rakitskiy. 4-1, min.61: Keita. 5-1, min.86: Xavi.
Stamford Bridge estadioan Chelsea eta Manchester United lasai irten dira zelaira eta erasoan aukera gutxi sortu dituzte. Lehen aukera etxeko taldeak izan du, baina Drogbaren zartakoa Van der Sarrek kornerrera desbideratu du 17. minutuan. Gorriek pixkanaka kontrola hartu dute eta 24. minutuan Rooneyk 0-1ekoa lortu du Ryan Giggsen pase eder bati esker. Fergussonen mutilak eroso egon dira markagailuko abantailarekin eta atsedenaldira aurretik joan dira Manchesterrekoak.
Bigarren zatian Ancelottiren mutilek jokoa gehiago kontrolatu dute eta Drogbak partidako bigarren aukera garbia izan du. Hala ere, Boli Kostako jokalariaren jaurtiketa kanpora joan da. Manchester United taldeko atezaina izan da protagonista nagusia norgehiagokaren azken minutuetan egin dituen geldiketa erabakigarriengatik eta gorriek urrezko garaipena lortu dute, itzulerako partida konfiantzaz jokatzeko.
- Fitxa teknika:
0 - Chelsea: Cech, Bosingwa (m.78 Mikel), Ivanovic, Terry, Cole, Ramires, Essien, Lampard, Zhirkov (m.70 Malouda), Drogba (m.71 Anelka), Torres.
1 - Manchester United: Van der Sar, Rafael Da Silva (m.51 Nani), Vidic, Ferdinand, Evra, Valencia, Carrick, Giggs, Park (m.94 Smalling), Hernandez (m.78 Berbatov), Rooney.