Itxi

Txapeldunen Liga

21:00etan

Tottenham - Ajax, ezustekoen arteko kanporaketa finalaren bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ingelesak Manchester City kanporatuta iritsiko dira neurketara; herbeheretarrak, aldiz, Juventusi irabazi ostean.

  • Eriksen gol bat ospatzen.

    Eriksen gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Tottenhamek eta Ajaxek, aurtengo Txapeldunen Ligako ezustekorik handienak, gaur jarriko dituzte martxan finalerdiak. Itxura guztien arabera, oso kanporaketa parekatua izango da.

Ajaxek Europako Kopako zortzi finalerdi jokatu ditu orain arte, baina azkena 1997an izan zen. Orduko hartan, Juventusek kanporatu zuen, eta, hain zuzen ere, aurtengo final-laurdenetan, herbeheretarrek talde italiarra utzi dute lehiaketatik kanpo. Bere aldetik, Tottenhamek duela 57 urte jokatu zuen orain arteko bere finalerdi bakarra, eta Benficaren aurrean amore eman behar izan zuen.

Txapelketa hasi zenean, ez bata ez bestea ez ziren ageri faboritoen artean, baina hiru partidara daukate loria bereganatzeko abagunea.

Tottenhamen zelai berriak hartuko du bi taldeen arteko joaneko neurketa. Ingelesek jakin badakite etxetik kanpo ederto moldatzen den arerioa izango dutela parean, aurreko bi kanporaketetan argi utzi zutenez. Izan ere, Santiago Bernabeun (1-4) eta Turinen (1-2) gailendu ziren, Real Madril eta Juventus kanporatzeko.

Bere aldetik, talde ingelesa ur aparretan iritsiko da Borussia Dortmundi eta Manchester Cityri irabazi eta gero. Alemaniarren aurka aise nagusitu baziren ere, gorriak ikusi zituzten Guardiolaren taldea gainditzeko, Fernando Llorentek sartutako gol eztabaidagarri baten bidez sailkatu baitziren.

Athletic, Juventus, Sevilla eta Swansea taldeetako jokalari ohiak titular gisa jarduteko aukera handiak ditu, lesionatuta dagoen Harry Kane kapitainaren hutsunea betetzeko, Son Heung-min hego-korearra zigortuta baitago. Aipatutakoez aparte, Aurier, Lamela eta Winks ere min hartuta daude, eta, gainera, ez dago argi Sissoko eta Vertonghen jokatzeko moduan egongo diren.

Ajaxek, guztia prest

Ajaxi dagokionez, Bande da jokatu ezingo duen jokalari bakarra. Aitzitik, guztien ikusmiran egongo dira taldeko bizkarrezurra osatzen duten Matthijs de Ligt eta Frenkie de Jong herbeheretar gazteak, baita erasoko jokoan aritzen diren Dusan Tadic serbiarra eta David Neres brasildarra ere.

Bestalde, egun Tottenhamen jokatzen duten lau jokalari Ajaxen aritutakoak dira (Eriksen, Alderweireld, Vertonghen eta Davinson Sanchez).

Azkenik, bigarren aldia izango da talde biek Europako kanporaketa batean elkar ikusten dutena. Aurrekari bakar hori 1981/82 denboraldiko Errekopako lehendabiziko kanporaketan gertatu zen, eta orduan ingelesek egin zuten aurrera 6-1eko emaitza globalarekin.

Balizko hamaikakoak:

Tottenham: Lloris, Trippier, Alderweireld, Sanchez, Rose, Dier, Wanyama, Eriksen, Alli, Lucas eta Llorente.

Ajax: Onana, Tagliafico, Blind, De Ligt, Veltman, De Jong, Schöne, Ziyech, Van de Beek, Tadic, eta Neres.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz.

Futbol-zelaia: Tottenham Hotspur Stadium.

Ordua: 21:00.