Itxi

Txapeldunen Liga

2-3

Lucas Mourak finalera sailkatu du Tottenham, hiru gol sartuta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ajax 2-0eko emaitzarekin heldu da atsedenaldira, baina talde ingelesa kanporaketa iraultzeko gai izan da partidaren luzapenean.

  • Lucas Moura

    Lucas Moura

Lucas Moura brasildarrak sartutako hiru goli esker, Tottenham Txapeldunen Ligako finalean izango da ekainaren 1ean, Wanda Metropolitanon Liverpoolen aurka jokatzeko. Izan ere, Mauricio Pochettinoren taldeak Ajax garaitu du 2-3 Amsterdam Arenan, asteazken honetan jokatu den finalerdietako itzulikoan.

Talde ingelesak buelta eman dio joaneko norgehiagokako emaitzari (0-1), Mourak partidako luzapenean lortu duen hirugarren golaren bidez. Horren aurretik, ordea, Ajaxek bi aldiz hartu du aurrea markagailuan lehen zatian, Matthijs de Ligt eta Hakim Ziyech marokoarraren eskutik. Hartara, atsedenaldira heltzean, herbeheretarrek hiru goleko abantaila zuten kanporaketan.

Alabaina, bigarren zatian, Londresko taldeak joko zuzenagoa egin du, Fernando Llorente aurrelaria zelaian zela baliatuta, eta horrela kanporaketa goitik behera irauli du. Balentria hori gauzatzeko, aparteko esku-hartzea izan du Lucas Mourak, berak erdietsi baititu bere taldeak aurrera egiteko behar zituen hiru golak 55., 59. eta 96. minutuetan.

Hartara, garaipen ikusgarri horri esker, Tottenhamek Europako txapelketa nagusiaren finala jokatuko du bere historian lehen aldiz.

Fitxa teknikoa:

2 - Ajax: Onana, Tagliafico, Blind, De Ligt, Veltman, De Jong, Schöne (Veltman, 60. min); Dolberg (Sinkgraven, 67. min), Van de Beek (Magallan, 90. min), Ziyech eta Tadic.

3 - Tottenham: Lloris, Trippier (Lamela, 81. min), Vertonghen, Alderweireld, Rose (Davies, 82. min), Sissoko, Eriksen, Wanyama (Llorente, 46. min), Son, Alli eta Lucas Moura.

Golak: 1-0 (De Ligt, 5. min), 2-0 (Ziyech, 36. min), 2-1 (Lucas Moura, 55. min), 2-2 (Lucas Moura, 59. min) eta 2-3 (Lucas Moura, 95. min).

Epailea: Felix Brych (Alemania). Txartel horiak: Dolberg, Ziyech eta Onana (Ajax); Sissoko eta Rose (Tottenham).