Txapeldunen Liga
Wembley futbol-zelaian
Bartzelona-Manchester United (3-1): Katalanak, txapeldunak
Erredakzioa
Talde blaugranak bere laugarren belarridun kopa eskuratu du. Fergusonen mutilek ezin izan diote Bartzelonaren nagusitasunari aurre egin.
Bartzelonak irabazi du 2010/2011 denboraldiko Txapeldunen Liga, Manchester United 3-1 gaindituz Wembleyko final handian. Kolorerik gabeko partida izan da, katalanek erakustaldia eman baitute berdegunean. Lehenengo zatian Pedrok egin du blugranen gola, baina atsedenaldia baino lehen Rooneyk berdinketa jarri du (1-1). Bigarren zatian Guardiolaren taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da eta Machester Unitedek ezin izan du ezer egin.
Bartzelonak argi eta garbi agindu du lehen zatian eta norgehiagoka erabakita uzteko aukera pareabeak izan dute. Hala ere, partidaren hasieran, kontrola Fergusonen mutilek izan dute zelaian ezarritako intentsitateari esker. Pixkanaka katalanak partidan sartzen joan dira eta Pedrok lehen abagune garbia izan du 15. minutuan. Jokalari kanariarrak ezin izan du bere jaurtiketa zutoinen artera bidali eta baloia gutxigatik joan da kanpora. Manchester Unitedek atzera egin du berdegunean eta blaugranak eroso egon dira.
Villak bi aukera bikain izan ditu 19. minutuan, baina aurrelari asturiarrak ezin izan du Van der Sar atezaina gainditu. Lehen zatiko 27. minutuan, Guardiolaren mutilek partidkao lehen gola lortu dute, Pedroren erremate onari esker. Xavik pase ederra eman dio Kanarietako jokalariari eta Bartzelonak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Katalanak sendo mantendu dira zelaian, baina Ingalaterrako taldeak 1-1ekoa lortu du Rooneyren golari esker. Aurrelari gorriak jokaldi ederra gauzatu du eta Valdesek ezin izan du bere jaurtiketa gelditu. Atsedenaldian bi taldeek Txapeldunen Liga irabazteko aukera izaten jarraitu dute.
Bigarren zatian Guardiolaren taldeak berriro hartu du norgehiagokaren kontrola eta Lionel Messik 2-1ekoa jarri du. Argentinako jokalariak areaz kanpotik jaurti du eta Bartzelonak aurrea hartu du berriz ere markagailuan. Katalanak eroso egon dira eta Xavik hirugarrena lortzeko aukera ederra izan du. Hala ere, erdilari blaugranaren jaurtiketa Van der Sarrek desbideratu du.
Partidako 70. minutuan, Villak 3-1ekoa jarri du gol eder batekin. Aurrelari asturiarrak areaz kanpotik jaurti du eta norgehiagoka erdi erabakita gelditu da. 3-1ekoarekin, Bartzelonak erritmoa moteldu egin du, baina Manchester Unitedek ezin izan du aukera garbirik sortu. Abagunerik onena Nanik izan du 84. minutuan, baina Portugalgo jokalariak kanpora bidali du bere jaurtiketa. Azkenean, Txapeldunen Liga Barçarentzat izan da, joko erakustladi aparta eman baitu Wembleyko estadioan.
Fitxa teknikoa:
3– FC Bartzelona: Valdes ; Alves, Mascherano, Pique, Abidal; Xavi , Busquets, Iniesta; Pedro, Messi, Villa
1- Manchester United: Van der Sar; Fabio, Vidic, Ferdinand, Evra; Valencia, Carrick, Giggs, Park; Rooney; Chicharito
Aldaketak: Bartzelonan, Keita Villare ordez (86. minutuan), Puyol Alvesen ordez (88. minutuan) eta Afellay Pedroren ordez (91. minutuan). Manchester Uniteden Nani Fabioren ordez (69. minutuan) eta Scholes Carricken ordez (77. minutuan).
Golak: 1-0 Pedro, 27. minutuan; 1-1 Rooney, 34. minutuan; 2-1 Messi, 52. minutuan, 3-1 Villa, 70. minutuan.