Itxi

Txapeldunen Liga

4. JARDUNALDIA

Chelsea, Dortmund eta Valentzia protagonista, kontrako markagailuei buelta emanda

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ingelesek puntu bat lortu dute 1-4 galtzen joan ostean, alemanek 0-2ko emaitza irauli eta 3-2 irabazi dute, eta Valentzia 4-1eko emaitzarekin nagusitu da, galtzen hasi arren.

  • Chelseako jokalariak laugarren gola ospatzen

    Chelseako jokalariak laugarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Chelsea eta Ajax taldeek neurketa ikusgarria jokatu dute astearte honetan Stamford Bridgen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiari dagokion partidan (4-4).

Ajaxek irabazita zuen partida, 55. minutuan 1-4 jarri baita aurretik. Herbeheretarrek bigarren minuturako hartu dute aurrea, Abrahamek bere atean sartutako golari esker. Etxekoek berehala orekatu dute markagailua (Jorginhok, penaltiz), baina Ajaxek beste bi gol egin ditu lehen zatia amaitu aurretik: Quincy Promesek buruz eta Ziyechek falta jaurtiketa batean. Van de Beekek markagailuko zuloa handitu du bigarren zatiko hamargarren minutuan. Ondorioz, norgehiagoka une horretan guztiz erabakita zegoela zirudien.

Alabaina, handik gutxira, etxekoen susperraldia etorri da. Lehendabizi, Azpilicuetak aldea murriztu du, eta, gerora, neurketako unerik erabakigarriena iritsi da. Hain zuzen, epaileak Ajaxeko bi jokalari (Daley Blind eta Joel Veltman) kanporatu ditu jokaldi berean, bigarren txartel horia erakutsita, eta, gainera, penaltia adierazi du etxekoen alde. Jorginhok berrio asmatu du 11 metroko puntutik (3-4).

Beraz, Chelseak bi jokalari gehiago zituen partida amaitzeko 20 minutu baino gehiago falta zirenean. Tarte horretan, laugarren gola egiteko gai izan dira, eta baita bosgarrena ere (Azpilicuetak sartu du). Dena den, azken hori baliogabetu egin du epaileak, VAR sistema erabili eta gero, Chelseako jokalari batek eskuz jo duelako baloia. Hortaz, 4-4ko emaitzarekin bukatu da partida.

Multzo berean (H multzoa), Valentziak garaipen garrantzitsua lortu du (4-1) Lilleren aurkako lehiari buelta emanda. Valentziarrak 0-1 hasi dira galtzen, eta ez dute ondo amaitu lehen zatia. Aitzitik, atsedenalditik bueltan, lau gol sartzeko gai izan dira, Mestallako zaleen zoramenerako, eta orain esku-eskura dute multzoen fasea gainditzea.

Valentziako jokalariak, pozez zoratzen. Argazkia: EFE

Bestalde, F multzoan izan da jardunaldiko beste neurketa zirraragarria. Bertan, Borussia Dortmundek, Achraf Hakimiren (2) eta Brandten golen bidez, Inter Milanen hasierako bi golak irauli ditu (3-2), eta, garaipen horri esker, multzoko bigarren postua eskuratu du, Bartzelona liderrak baino puntu bat gutxiago duela. Izan ere, katalanek hutsean berdindu besterik ezin izan dute egin etxean, Slavia Pragaren aurka.

Borussiak markagailua irauli du. Argazkia: EFE

E, F, G eta H multzoetako 4. jardunaldiko emaitzak:

E multzoa

Liverpool 2-1 Genk [Wijnaldum (14') eta Oxlade-Chamberlain (53') | Samata (41')]
Napoli 1-1 Salzburgo
[Lozano (41') | Haaland (11', penaltiz)]

F multzoa

Borussia Dortmund 3-2 Inter Milan [Hakimi (51' eta 77') eta Brandt (64') | (Lautaro Martinez (5') eta Vecino (40')]
Bartzelona 0-0 Slavia Praga

G multzoa

Zenit 0-2 Leipzig [Demme (50') eta Sabitzer (63')]
Lyon 3-1 Benfica
[Andersen (4'), Depay (33') eta Traoré (89') | Seferovic (78')]

H multzoa

Chelsea 4-4 Ajax [Jorginho (5' eta 71', biak penaltiz), Azpilicueta (63') eta James (74') | Abraham (2', bere atean), Promes (20'), Ziyech (35') eta Van de Beek (55')]
Valentzia 4-1 Lille
[(Parejo (65', penaltiz), Soumaoro (82', bere atean), Kondogbia (83') eta Ferran (90') | Osimhen (25')]