Itxi

Txapeldunen Liga

Joaneko partidak

Gaur, Atletico-Liverpool eta Borussia-PSG

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txapeldunen Ligako final-zortzirenak martxan jarriko dira gauean joaneko lehendabiziko bi partidekin. Neurketak 21:00etatik aurrera hasiko dira.

  • Diego Costa, Liverpoolen aurkako neurketa prestatzen.

    Diego Costa, Liverpoolen aurkako neurketa prestatzen. Argazkia: EFE

Gaur hasiko dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenak, eta, aurreikuspenen arabera, zirrara ugari eragingo dituzten bi neurketekin abiatuko dira kanporaketak.

Hala, batetik, Simeoneren Atletico Madrilek Liverpoolen bisita jasoko du Wanda Metropolitanon jasoko du. Madrildarrek sendo jardun beharko dute egungo txapeldunaren aurrean, Anfieldera kanporaketa gaintzeko aukerekin heltzeko asmoz.

Izan ere, Jurgen Kloppek zuzentzen dituen taldea oso une gozoan dago: Premierreko erabateko liderra da (1990etik irabazi ezinik dabilen lehiaketa), eta titulua ia eskura dute dagoeneko, Manchester Cityri 25 puntuko aldea ateratzen baitio.

Liverpoolen erasoko ahalmenari aurre egiteko, Atletico Madrileko zaleek espero dute bere taldeak azken urteetan lehiarako erakutsi izan ohi duen iaiotasuna agertuko duela. Gainera, Diego Costa bueltan egon daiteke, iazko azarotik lesionatuta egon ostean.

Balizko hamaikakoak:

Atletico Madril: Oblak, Arias, Savic edo Gimenez, Felipe, Lodi, Llorente, Koke, Thomas, Saul, Correa edo Diego Costa eta Morata.

Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Van Dijk, Gomez, Robertson, Henderson, Fabinho, Wijnaldum, Salah, Mane eta Firmino.

Epailea: Szymon Marciniak (Polonia).

Futbol-zelaia: Wanda Metropolitano.

Ordua: 21:00.

Borussia vs PSG

Mbappe eta Neymar, PSGren entrenamenduan. Argazkia: EFE

Jardunaldiko beste neurketan, Paris Saint-Germainek Borussiaren aurka jokatuko du Dortmundeko Iduna Parken.

Faboritoa, beste behin, Frantziako txapeldun boteretsua da, baina talde alemaniarrak ez dio uko egiten ezustekoa emateari.

Alemaniarrentzako mehatxu nagusia Kylian Mbappe frantziarra izango da. Aurrelari gaztea atseden hartuta iritsiko da lehiara, ez baitzuen jokatu Amiensen aurka asteburuan, eta badirudi Neymar izango duela alboan, saihets-hezurretan duen arazoa gorabehera.

Dena dela, PSG ere ez dabil oso sendo atzealdean, Amiensen kontrako azken neurketan egiaztatu ahal izan zen bezala (4-4), eta tentu handiz ibili beharko du Erling Haaland aurrelariarekin. Norvegiarra gol mordoa sartzen ari da neguko merkatuan Red Bull Salzburgotik iritsi zenetik.

Balizko hamaikakoak:

Borussia Dortmund: Bürki, Piszczek, Hummels, Zagadou, Achraf Hakimi, Witsel, Can Guerreiro, Sancho, Haaland eta Thorgan Hazard.

PSG: Navas, Meunier, Thiago Silva, Kimpembe, Kurzawa edo Bernat, Di Maria, Verratti, Marquinhos, Neymar, Mbappe, Icardi edo Sarabia.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz (Espainia).

Futbol-zelaia: Signal Iduna Park.

Ordua: 21:00.