Itxi

Txapeldunen Liga

Reale Arenan

Lyonek Txapeldunen Liga eskuratu du bosgarren aldiz jarraian (1-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Frantziarrek Wolfsburgo gainditu dute Donostiako Reale Arenan jokatutako finalean.

  • Olympique Lyon taldeko jokalariak txapeldunen garaikurra altxatzen.

    Olympique Lyon taldeko jokalariak txapeldunen garaikurra altxatzen. Argazkia: EFE

Olympique Lyonek bosgarren aldiz jarraian bereganatu du emakumezkoen Txapeldunen Liga, Wolfsburgoren aurka 1-3 irabazita, Donostiako Reale Arenan jokatu den finalean.

Frantziako taldea buru-belarri zelairatu da lehen minututik, eta bere zelaitik atera ezinik utzi du Wolsburgo. Alabaina, nahiz eta aurkariaren areara iritsi, aukerak burutu ezinda ibili dira hasiera batean, eta horrek hauspoa eman die alemaniarrei norgehiagokak aurrera egin ahala.

Aitzitik, Eugene Le Sommer agertu da Lyonentzat gauzak zailtzen ari zirenean, eta lehen zatiaren erdialdera finala frantziarren alde bideratu du, area barruan baloi bat jaso eta Abt gaindituta. Hori bai, bigarren aukera baliatu behar izan du bere taldea aurretik jartzeko, lehendabizikoan atezainak gelditu egin baitio. Horrenbestez, jokalari frantziarrak seigarren gola egin du bost partidatan.

Atsedenaldia heltzeko bi minutu falta zirenean, Lyonek finala ia erabakita utzi duen bigarren gola erdietsi du, Cascarinoren jokaldi bikain bati esker. Baloia alemaniarren atetik 20 metrora erori da, Kumagai japoniarraren oinetan, eta Abten sare barrura bidali du, jaurtiketa bortitza eginez.

Kolpe gogorra izan da Wolfsburgorentzat, eta bigarren zatiko lehen minutuetan sufritzea egokitu zaio. Haatik, finala zen, eta Alemaniako taldeak (kontinenteko bigarren onena, UEFAren arabera) ez du etsi eta aldea murriztu du, Poppen burukada batekin.

Ondorioz, zenbait minututan sufritu egin du Lyonek. Sufrimendu horrek, baina, saria izan du, amaierara iristeko bi minuturen faltan Gunnarsdottir islandiarrak gola egin baitu.

Fitxa teknikoa:

1 - Wolfsburgo: Abt; Jannssen, Doorsoun- Khajeh (Hendrich, 38. min), Goessling, Blasse (Bremer, 77. min); Rolfo, Popp, Engen; Huth (Wolter, 61. min); Harder, Pajor (Obedorff, 61. min).

3 – Olympique Lyon: Bouhaddi; Karchaoui, Renard, Buchanan, Bronze; Kumagai, Gunnarsdottir, Majri (Malard, 90. min); Cascarino (Van de Sanden, 86. min), Marozsan (Taylor, 86. min), Le Sommer (Greenwood, 90. min).

Golak: 0-1, 24. min: Le Sommer. 0-2, 44. min: Kumagai. 1-2, 58. min: Popp. 1-3, 88. min: Gunnarsdottir.

Epailea: Esther Staubli (Suitza). Txartel horiak Huth (Wolfsburgo) eta Marozsan (Lyon).