Itxi

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak (itzulikoa)

Real Madril eta Manchester City, finalerdietara

A. B. | EITB Media

Madrilgo taldeak Liverpool kanporatu du, eta Cityk Borussia Dortmund utzi du txapelketatik at. PSG-Manchester City eta Real Madril-Chelsea dira finalerdietako kanporaketak.

  • Manchester City

    Manchester Cityko jokalariak, teknikariekin batera garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Manchester Cityk Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatzea lortu dute asteazken honetan Liverpool eta Borussia Dortmund kanporatuta, hurrenez hurren. PSG-Manchester City eta Real Madril-Chelsea dira finalerdietako kanporaketak.

Anfielden (Ingalaterra), Real Madrilek eta Liverpoolek golik gabe (0-0) berdindu dute final-laurdenetako itzuliko partida, eta Madrilgo taldeak finalerdietarako sailkapena lortu du, joaneko norgehiagoka 3-1eko emaitzarekin irabazi baitzuen. Erasokor zelairatu da Liverpool eta abaguneak izan ditu, baina Courtois atezainak gelditu onak egin ditu hasieran, eta pixkanaka gola sartzeko aukera gutxiago izan ditu etxeko taldeak. Real Madrilek lan bikaina egin du defentsan, Militao, Nacho eta Fede Valverde bikain ibili direlarik. Hala ere, Real Madrilek ere izan ditu kanporaketa erabakita uzteko aukerak Benzemaren eta Viniciusen bidez, baina Alison atezainaren eta zutoinaren artean saihestu dituzte talde espainiarraren golak. Amaieran, golik gabeko berdinketa eta Real Madril, finalerdietara.

Asteazkenean jokatu den final-laurdenetako beste kanporaketan, Borussia Dortmundek Manchester City izan du aurkari Signal Iduna Parken (Alemania). Ingalaterrako taldea izan da nagusi 1-2ko emaitzarekin, eta joanekoan ere irabazle izan zen (2-1). Kontuak kontu, Borussia Dortmundek sartu du neurketako lehen gola Bellinghamen bidez (1-0). Bigarren zatian, 55.minutuan, Cityk neurketa berdindu du Mahrezek sartutako penalti bati esker (1-1). Hogei minutu beranduago, Fodenek 1-2koa sartu du, partida eta kanporaketa erabakita utziz.