Itxi

Txapeldunen Liga

Finalerdiak (itzulikoa)

Chelseak finala jokatuko du, Real Madril kanporatu ostean

A. B. E. | EITB Media

Ingalaterrako taldeak garaipena lortu du talde espainiarraren aurka finalerdietako itzuliko partidan. Joanekoa bana berdinduta (1-1) amaitu zen. Chelseak Manchester City izango du aurkari finalean.

  • Chelsea

    Chelseako jokalariak Wernerrek Real Madrili sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Chelseak Txapeldunen Ligako finala jokatuk du, asteazken honetan Real Madril kanporatu ostean. Ingalaterrako taldeak 2-0eko emaitzarekin irabazi du finalerdietako itzuliko partida, eta joanekoa bana berdinduta (1-1) amaitu zenez, finalerako txartela lortu du. Chelseak Manchester City izango du aurkari finalean.

Stamford Bridgen jokatu den neurketan Chelsea nagusi izan da hasieratik. Thomas Tuchelek zuzentzen duen taldeak abagune asko izan ditu, baina gehiegi barkatu du. Norgehiagokako 28. minutuan, ordea, Timo Wernerrek gola sartu du (1-0); Mountek baloia loratu du Courtois atezainaren aurrean, eta baloiak langa jo ostean Wernerrek sare barrura bidali du.

Londresko taldearen golaren ostean etorri da Real Madrilen erantzuna Benzemaren bi jokaldi bikainen bidez, baina bietan Mendy atezainak golak eragotzi ditu, frantziarraren erremateei erantzun bikainak emanda.

Bigarren zatian ere Chelsea izan da jaun eta jabe. Real Madril ezinean ibili da, eta ez da abagune argirik sortzeko gai izan. Ingalaterrako taldeak hainbat abagune alferrik galdu ditu. Hala ere, 85. minutuan, Mountek 2-0ekoa jarri du markagailuan Kantek gidatutako kontraerasoari amaiera ezin hobea emanda. Chelsearen bigarren golak partida eta kanporaketa erabakita utzi ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Chelsea: Mendy; Azpilicueta (88. min, James), Rudiger, Christensen, Thiago Silva, Chilwell; Kanté, Jorginho; Havertz (94. min, Giroud), Mount (88. min Ziyech) eta Werner (m.68, Pulisic).

0 - Real Madril: Courtois; Mendy (63. min, Valverde), Ramos, Militao, Nacho; Modric, Casemiro (76. min, Rodrigo), Kroos; Hazard (89. min, Mariano), Benzema eta Vinicius (63. min, Asensio).

Golak: 1-0. Werner, 28. min; 2-0. Mount, 85. min.

Epailea: Daniele Orsato (ITA). Txartel horiak atera dizkie Jorginho (14. min) eta Christensen (38. min) Chelseako jokalatiei, baita Ramos (37. min), Nacho (62. min), Kross (72. min) eta Valverde (90. min) Real Madrileko futbolariei.