Itxi

Txapeldunen Liga

Multzoen fasea

Real Madril, Liverpool eta Cityk garaipenarekin ekin diote Championsari; PSGk berdindu egin du Brujasen aurka

A. B. E. | EITB Media

Liverpoolek irabazi egin du Milanen aurka (3-2), Real Madrilek Inter hartu du mendean, eta Manchester Cityk garaipena erdietsi du Leipzigen kontra (6-3). Sheriffek garaipen historikoa lortu du Shakhtarren aurka (2-0).

  • Inter - Real Madril

    Real Madrileko jokalariak Rodrygok Interri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Ikuskizuna eta golak izan dira nagusi asteazken honetan jokatu diren Txapeldunen Ligako A, B, C eta D multzoetako lehen jardunaldiko partidetan. Guztira, 28 gol sartu dira.

Jardunaldiko partida handienetako bat San Siron (Milan, Italia) jokatu da, eta Real Madrilek garaiena lortu du Interren aurka (0-1). Rodrygok sartu du neurketako gol bakarra, 89. minutuan. Espainiako eta Italiako bi talde hauek dauden D multzoan, Sheriff Tiraspolek garaipen historikoa lortu du Shakhtar Donetsken aurka (2-0). Moldaviako taldea lehen aldiz ari da Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzen, eta bere historiako lehen garaipena erdietsi du txapelketa honetan.

Anfieldek eguneko izan handieneko beste norgehiagoka bat hartu du, eta Liverpoolek irabazi egin dio Milani (3-2). Norgehiagoka zirraragarria izan da; Liverpoolek aurrea hartu du Alexander Arnolden golarekin, baina Milanek emaitza irauli du, bi minututan Rebicek eta Brahim Diazek sartutako golei esker. Hala ere, Ingalaterrako taldeak lehia berdindu du Mohmed Salaheren bidez, eta Hendersonen golak garaipena eman dio talde ingelesari. B multzoko beste partidan, Atletico Madrilek eta Portok golik gabe berdindu (0-0) dute Wanda Metropolitano estadioan.

A multzoan, Manchester Cityk hiru puntuak lortu ditu Leipzig mendean hartuta, 6-3ko emaitzarekin. Bestalde, PSGk berdindu egin du Brujasekin (1-1), Belgikan. Ander Herrerak sartu du norgehiagokako lehen gola eta Venakenek jarri du banakoa markagailuan.

Harrigarria izan da Ajaxek Sporting Portugalen aurka lortu duen garaipena (1-5), Lisboan. Neurketa horretan, Sebastien Huller Ajaxeko jokalariak lau gol sartu ditu. C multzoko beste partidan, Borussia Dortmundek Besiktas mendean hartu du, 1-2ko emaitzarekin.

A, B, C eta D multzoetako lehen jardunaldiko partiden emaitzak: 

A multzoa:

Manchester City - Leipzig (6-3)

Brujas - PSG (1-1) 

B multzoa: 

Liverpool - Milan (3-2)

Atletico Madril - Porto (0-0) 

C multzoa: 

Besiktas - Borussia Dortmund (1-2) 

Sporting Portugal - Ajax (1-5)

D multzoa: 

Inter - Real Madril (0-1) 

Sheriff Tiraspol - Shakhtar Donetsk (2-0)