Itxi

Txapeldunen Liga

3. jardunaldia

Liverpoolek mendean hartu du Atletico Madril eta Ajax garaile atera da Borussia Dortmunden aurkako partidan

A. B. E. | EITB Media

Ingalaterrako eta Espainiako taldeen arteko norgehiagoka 2-3ko emaitzarekin amaitu da, eta Herbehereetako taldeak garaipena lortu du Alemaniakoaren kontra (4-0). Real Madrilek 0-5eko emaitzarekin irabazi dio Shakhtarri eta Manchester City aise nagusitu da Brujasen aurka (1-5).

  • Atletico Madril - Lverpool

    Liverpooleko joklariak Salahek sartu duen garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligako A, B, C eta D multzoetako taldeek astearte honetan jokatu dituzten multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partidek gol asko utzi dituzte. Ikuskizuna izan da nagusi.

Jardunaldiko neurketa handian, Liverpoolek garaipena lortu du Atletico Madrilen aurka (2-3) Wanda Metropolitano estadioan jokatu den norgehiagokan. Ingalaterrako taldea 0-2 irabazten hasi da, Atleticok neurketa berdintzea lortu du (2-2), baina talde bisitariak hirugarren gola sartu du 76. minutuan eta hiru puntuak erdietsi ditu. Bestalde, Portok Milani irabazi dio 1-0eko emaitzarekin. Ondorioz, Liverpool da B multzoko liderra 9 punturekin, Atletico Madrilek eta Portok launa puntu dituzte, eta Milan dago azken postuan punturik gabe.

Eguneko beste partida handian, Ajaxek mendean hartu du Borussia Dortmund (4-0) Johan Cruyff Arenan. C multzoko beste neurketan, Sporting Portugalek hiru puntuak lortu ditu Besiktas garaituta (1-4). Herbehereetako taldea da C multzoko liderra (9 puntu), Borussia Dortmund dago bigarren postuan (6 puntu), Sporting da hirugarren (3 puntu) eta Besiktas dago azken postuan (0 puntu).

D multzoan, Real Madrilek Shakhtar Donetsk mendean hartu du 0-5eko emaitzarekin. Espainiako taldea nagusi izan da hasieratik amaieraraino, eta hiru puntuak eskuratu ditu. Multzo honetan, Interrek irabazi egin dio Sheriffi (3-1). Ondorioz, sailkapenean Sheriff (lehenengo) eta Real Madril (bigarren) seina punturekin daude, Inter da hirugarren 4 punturekin eta Shakhtar da azken sailkatua puntu bakarrarekin.

Manchester Cityk ere garaipen handia lortu du Brujasen kontra (1-5) Belgikan, eta PSGk uste baino gehiago sufritu du RB Leipzigen aurka garaipena (3-2) lortzeko. Paris Saint-Germain da A multzoko liderra 7 punturekin, Manchester City (6 puntu) bigarren da, hirugarren postuan dago Brujas 4 punturekin, eta RB Leipzigek ez du punturik eskuratu, momentuz.