Itxi

Txapeldunen Liga

3. jardunaldia

Barçak lehen garaipena lortu du aurtengo Txapeldunen Ligan eta Bayern Munichek geldiezin jarraitzen du

A. B. E. | EITB Media

Bartzelonak irabazi egin du Dinamo Kieven aurka jokatu duen multzoen faseko 3. jardunaldiko partida, 1-0eko emaitzarekin. Bayern Munichek hiru puntuak eskuratu ditu Benficaren kontra (0-4) eta Juventusek ere orain arteko neurketa guztiak irabazi ditu Zenit mendean hartu ostean (0-1).

  • Bartzelona

    Bartzelonako jokalariak zaleak agurtzen Dinamo Kievi irabazi ostean. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak atzean utzi du jada multzoen faseko hirugarren jardunaldia. Asteazken honetan, urriaren 20an, E, F, G eta H multzoetan dauden taldeen txanda izan da.

Bartzelonak lehen garaipena lortu du Dinamo Kiev (1-0) mendean hartuta. Kataluniako taldeak porrotak jaso zituen lehen bi jardunaldietan eta hiru puntuak beharrezkoak zituen. Bestalde, Barçaren multzo berean, Bayern Munichek irabazi egin du Benficaren kontra (0-4) jokatu duen neurketa. Ondorioz, Bayern da E multzoko liderra 9 punturekin, bigarren postuan dago Benfica 4 punturekin, Bartzelona hirugarren da 3 punturekin eta Dinamo Kiev dago azken postuan puntu bakarrarekin.

Vila-realek ere beharrezkoak zituen hiru puntuak eskuratu ditu Young Boys garaituta (1-4). Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak lehen norgehiagoka irabazi du aurtengo Txapeldunen Ligan, eta F multzoko hirugarren postuan dago 4 punturekin. Bigarren dagoen Atalantak (4 puntu) galdu egin du Manchester United (6 puntu) liderraren aurka (3-2). Ingalaterrako taldeak italiarren aldeko 0-2ko emaitza iraultzea lortu du.

Julen Lopeteguik zuzentzen duen Sevillak puntu bat lortu du Lilleren aurkako lehian (0-0). Andaluziako taldeak berdinduta amaitu ditu orain arte jokatu dituen hiru norgehiagokak. G multzoko beste partidan, Salzburgek mendean hartu du Wolfsburg (3-1). Salzburg (7 puntu) da sailkapeneko liderra, Sevilla (3 puntu) bigarren postuan dago, Lille (2 puntu) da hirugarren, eta Wolfsburg (2 puntu) laugarren.

H multzoan, Juventusek irabazi egin du Zeniten aurka jokatu duen neurketa (0-1), hirugarren garaipena jarraian lortuta, eta Chelseak garaitu egin du Malmö (4-0). Juventus (9 puntu) dago sailkapenaren gorenean, bigarren postuan da Chelsea (6 puntu), Zenitek (3 puntu) hirugarren jarraitzen du, eta oraindik punturik lortu ez duen Malmö da azkena.