Itxi

Txapeldunen Liga

Laugarren jardunaldia

Bayernek eta Juventusek final-zortzirenetarako txartelak lortu dituzte; Barçak garaipena erdietsi du Kieven

A. B. E. | EITB Media

Bayern Munichek mendean hartu du Benfica (5-2) eta Juventusek irabazi egin dio Zeniti (4-2), eta, horrela, hurrengo faserako sailkatu dira. Bartzelonak garaipena erdietsi du Dinamo Kieven kontra (0-1) eta bigarren kokatu da E multzoan.

  • Bayern Munich

    Bayern Munich taldeko jokalariak Benficari sartu dioten gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Astearte honetan Txapeldunen Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiko zortzi partida jokatu dira; E, F, G eta H multzoetan lehian ari diren taldeen txanda izan da.

Bayern Munichek final-zortzirenetarako txartela lortu du Benfica mendean hartuta (5-2). Alemaniako taldeak orain arte jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, eta 12 punturekin da E multzoko lider. Bartzelonak irabazi egin du Dinamo Kieven aurka (0-1), eta bigarren postuan dago, 6 punturekin. Benfica dago hirugarren, 4 punturekin, eta Dinamo Kiev da azkena, puntu bakarrarekin.

Juventus ere Txapeldunen Ligako hurrengo fasean egongo da Zeniten aurka garaipena (4-2) erdietsi ostean. Italiako taldeak 12 puntu ditu, multzoen fasean jokatu dituen neurketa guztiak irabazita. Chelsea nagusi izan da Malmören kontra (0-1), eta Ingalaterrako taldea H multzoko bigarren postuan da, 9 punturekin. Zenitek 3 puntu ditu, eta Malmök ez du punturik eskuratu oraindik.

G multzoan, ezustekoak izan dira nagusi. Salzburg liderrak (7 puntu) galdu egin du Wolfsburgen aurka (2-1), eta Alemaniako taldea hirugarren dago, 5 punturekin. Lillek ere 5 puntu ditu, Sevillaren aurka garaipena (1-2) lortu ostean, baina bigarren postuan dago. Bestalde, Julen Lopeteguik zuzentzen duen Sevilla da azkena, 2 punturekin.

Manchester Unitedek bina berdindu du Atalantarekin (2-2), eta, ondorioz, Ingalaterrako taldea da F multzoaren buruan, 7 punturekin. Unai Emeryk zuzentzen duen Vila-real bigarren da, 7 punturekin, Young Boysi 2-0 irabazi baitio Zeramikaren Zelaian. Atalanta hirugarren dago, 5 punturekin, eta Young Boys laugarren, 3 punturekin.