Itxi

Txapeldunen Liga

Laugarren jardunaldia

Liverpool eta Ajax final-zortzirenetara sailkatu dira

A. B. E. | EITB Media

Britainia Handiko taldeak garaipena lortu du Atletico Madrilen aurka (2-0) eta B multzoko lidergoa bermatuta dauka. Ajax ere Txapeldunen Ligako hurrengo fasean egongo da Borussia Dortmund mendean hartu baitu (1-3).

  • Salah eta Mane

    Mane, Atletico Madrili sartu dion gola ospatzen Salahekin. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak gainditu du jada multzoen faseko laugarren jardunaldia. Asteazken honetan, zortzi partida jokatu dira, eta guztietan gol bat baino gehiago ikusi ahal izan dute zaleek.

Liverpoolek final-zortzirenetarako txartela eskuratu du jardunaldiko neurketa handian, Atletico Madril mendean hartuta (2-0). Gainera, Ingalaterrako taldeak B multzoko lidergoa bermatu du. Multzoko beste partidan, Milanek eta Portok bana (1-1) berdindu dute. Emaitza horien ondorioz, sailkapenaren buruan da Liverpool 12 punturekin, Porto da bigarren 5 punturekin, hirugarren postuan da Atletico Madril 4 punturekin eta Milan da azkena puntu bakarrarekin.

Ajaxek ere lortu du hurrengo faserako txartela, Borussia Dortmundi irabazi (1-3) baitio. Herbehereetako taldea da C multzoko liderra, 12 punturekin, eta Borussia Dortmundek (bigarren) eta Sporting Lisboak (hirugarren) seina puntu dituzte. Portugalgo taldeak garaipena lortu du Besiktasen kontra (4-0). Turkiarrek ez dute punturik lortu oraindik, eta kanporatuta daude.

B multzoan, Real Madrilek irabazi egin dio Shakhtar Donetski (2-1), eta Inter Milan garaile atera da Sheriffen aurka (1-3). Ondorioz, Real Madril da liderra 9 punturekin, Inter bigarren postuan dago 7 punturekin, Sheriff dago hirugarren 6 punturekin, eta Shakhtar da azkena puntu bakarrarekin.

Lider aldaketa egon da A multzoan; izan ere, Manchester Cityk mendean hartu du Brujas (4-1), eta Leipzigek eta PSGk bina (2-2) berdindu dute. Orain, City da lider (9 puntu), PSG dago bigarren (8 puntu), Brujas da hirugarren (4 puntu), eta Leipzig dago azken postuan (1 puntu).