Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak (itzulikoa)

Real Madril final-laurdenetara sailkatu da PSGren aurka emaitza iraulita (3-1), Benzemaren hiru golekin

A. B. E. | EITB Media

Espainiako taldeak irabazi egin dio Frantziakoari Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partida, 3-1eko emaitzarekin, eta joanekoa 1-0 galdu zutenez, aurrera egin dute zuriek. Manchester Cityk ere final-laurdenetarako txartela lortu du.

  • Karim Benzema

    Karim Benzema, PSG taldeari sartu dion hirugarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Manchester Cityk Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartela lortu dute asteazken honetan, PSG eta Sporting Portugal kanporatuta, hurrenez hurren.

Santiago Bernabeu (Madril) estadioan handia egin du Real Madrilek, Paris Saint-German (PSG) 3-1 garaituta. Espainiako taldeak galdu egin zuen joaneko neurketa (1-0) Parisen, baina kanporaketa gainditu du, itzulikoan garaipena erdietsita.

Norgehiagoka ikusgarria jokatu dute Real Madril eta PSG taldeek. Lehen zatia parekatua izan da, baina Frantziako taldeak izan ditu abagune onenak. Mbappek arriskua eraman du Real Madrilen ate ingurura, eta Benzema etxeko taldearen erasoaldiak amaitzen saiatu da. Gola sartzeko bi aukera izan ditu Mbappek lehen minutuetan, baina Courtois atezainak gelditu onak egin ditu. Donnarumma PSGko atezainak ere Real Madrilen gola saihestu du, Benzemaren jaurtiketa desbideratuta. Bost minutu geroago, Messik ez du asmatu Courtoisen aurrean, eta, 34. minutuan, epaileak baliogabetu egin du Mbappek sartu duen gola, aurrelari frantziarrari pasea eman dion Nuno Mendes jokoz kanpo zegoelako baloia jaso duenean. Hala ere, 39. minutuan, Carvajalek baloia galdu du zelai erdian, Mendesek pase luzea eman dio Mbapperi, eta PSGko aurrelariak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean (0-1).

Maldan gora jarri zaio partida eta kanporaketa Real Madrili, baina Ancelottiren duen taldeak ez du amore eman. Neurketako 55.minutuan, epaileak Mbapperen beste gol bat baliogabetu du, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako. Sei minutu geroago, Donnarumma lokartu egin da area barruan, Benzemak baloia lapurtu dio, Viniciusi iritsi zaio, brasildarrak pasea eman dio Benzemari eta Real Madrileko aurrelariak banakoa jarri du markagailuan (1-1).

Madrilgo taldearen golaren ostean, partida erabat aldatu da. Real Madril jaun eta jabe izan da, eta erasora jo du. Etxeko taldeak abagune argiak izan ditu, baina kosta egin zaio aukerak baliatzea. Real Madrilek ez du etsi, ekinean jarraitu du, eta 76. minutuan jaso du saria; Modricek pase bikaina eman dio Benzemari, eta honek gola sartu du (2-1).

Hamalau minutu geratzen ziren neurketa amaitzeko, eta kanporaketa berdintzea lortu du Real Madrilek. Etxeko taldeak bigarren gola sartu eta bi minutura, Benzemak 3-1ekoa jarri du markagailuan, hat-trick bat erdietsita.

Azken minutuetan, Real Madrilek ez dio aukerarik eman aurkariari, eta final-laurdenetara sailkatu da. PSG taldeak agur esan dio Txapeldunen Ligari.

Bestalde, Etihad estadioan (Ingalaterra) Manchester Cityk berdindu egin du Sporting Portugalekin (0-0) jokatu duen final-zortzirenetako itzuliko partida, baina joanekoa 0-5eko emaitzarekin irabazi zuenez, City ere final-laurdenetan egongo da. Momentu oro kontrolpean izan du norgehiagoka Ingalaterrako taldeak, eta ez du arazorik izan kanporaketa gainditzeko.

Real Madril - PSG partidako fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vazquez, 66. min), Militao, Alaba, Nacho; Valverde, Kroos (Camavinga, 57. min), Modric; Asensio (Rodrygo, 57. min), Benzema eta Vinicius.

1 - París Saint-Germain: Donnarumma; Achraf (Draxler, 88. min), Marquinhos, Kimpembe, Nuno Mendes; Danilo (Di Maria, 81. min), Paredes (Gueye, 70. min), Verratti; Neymar, Messi eta Mbappe.

Golak: 0-1, 39. min: Mbappe. 1-1, 61. min: Benzema. 2-1, 76. min: Benzema. 3-1, 78. min: Benzema.

Epailea: Danny Makkelie (NED). Txartel horia atera die Paredes (7. min), Nacho (43. min), Carvajal (60. min), Achraf (81. min), Kimpembe (84. min) eta Lucas Vazquez (88. min) jokalariei.