Itxi

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak (itzulikoak)

Olympique Lyonek eta Wolfsburgok eskuratu dituzte Txapeldunen Ligako finalerdietarako azken bi txartelak

EITB Media

Damaris Egurrolak jokatzen duen Lyonek 3-1 irabazi dio Juventusi final-laurdenetako itzuliko partida, eta irauli egin du joaneko neurketako aurkako 2-1ekoa. Wolfsburgok mendean hartu du Arsenal (2-0); joanekoa bana berdinduta (1-1) amaitu zen. Alemaniako taldea izango da Barçaren aurkaria.

  • Wolfsburgo - Arsenal

    Wolfsburgoko jokalariak, Arsenalen aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Olympique Lyon eta Wolfsburgo Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatu dira ostegun honetan (martxoak 31), final-laurdenetan Juventus eta Arsenal kanporatuta hurrenez hurren. Alemaniako taldea izango da Bartzelonaren aurkaria, eta beste finalerdian talde frantziarren arteko derbia ikusi ahalko da Olympique Lyon eta PSG ariko baitira nor baino nor.

Ez du erronka xamurra izan Olympique Lyonek, joaneko neurketa galdu egin baitzuen Juventusen etxean, 2-1eko emaitzarekin. Hala ere, Frantziako taldea nagusi izan da itzulikoan, 3-1 irabazi, eta Turinetik ekarri zuen aurkako emaitza iraultzea lortuta. Ada Hegerberg (1-0, 33. min) eta Malard (2-0, 35. min) jokalariek sartu dituzte Lyonen lehen bi golak atsedenaldiaren aurretik. Ondoren, 73. minutuan, Macariok 3-0ekoa jarri du markagailuan. Juventusen gol azken txanpan etorri da Staskovaren bidez (3-1, 84. min). Damaris Egurrola Olympique Lyonen hasierako hasierako hamaikakoan egon da, txartel horia ikusi du lehen zatian, eta Henryk ordezkatu du 46. minutuan.

Final-laurdenetako itzuliko beste partida Alemanian jokatu da. Wolfsburgok eta Arsenalek bana berdindu (1-1) zuten joaneko norgehiagokan, eta itzulikoan alemaniarrak nagusitu dira, 2-0eko emaitzarekin. Roordek sartu du lehen gola (1-0) bederatzigarren minutuan, eta 73. mintuan Williamsonek bere atean sartutako golak (2-0) erabakita utzi du neurketa.