Itxi

Txapeldunen Liga

7. Jardunaldia

Bartzelona Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan da, eta Liverpoolek partidarik galdu gabe jarraitzen du

EITB MEDIA

Era berean, Atletico Madril sailkapenaren hirugarren tokian dago, Bayer Leverkusenen aurka emaitza iraulita. Final-zortzirenetako postuetan sendotzea lortu du, halaber, Atalantak, Sturm Graz menderatuta (5-0).

  • Benfica-Bartzelona partidako irudia

    Benfica-Bartzelona partidako irudia. EFE

Liverpoolek 2-1 hartu zuen mendean Lille astearte honetan, eta Txapeldunen Ligako liga faseko lehen postuari eusten dio, neurketarik galdu gabe. Bestetik, Sturm Grazi 5-0 irabazi eta gero, zortzi onenetarikoen artean sendotu da Atalanta. Zortzi onenetarikoen artean dago, era berean, Aston Villa, nahiz eta 1-0 galdu Monacoren kontra. Borussia Dortmund, ordea, goiko postu horietatik at dago orain, Boloniaren aurka galdu zuen eta (2-1).

Hala, Liverpool da neurketarik galdu ez duen talde bakarra; hori dela eta, sailkapeneko liderra da (21 puntu). Bigarren dago Bartzelona, 18rekin. Kataluniako taldeak garaipena lortu zuen Benficaren aurrean (4-5), partida ero batean, eta final-zortzirenetan lehiatzeko txartela poltsikoratu zuen. Atletico Madril dago hirugarren, nagusi izan baitzen Bayer Leverkusenen kontrako hitzorduan.

Atalantak ere indartsu eusten die final-zortzirenetako bidea ematen duten postuei; izan ere, gol zaparrada sartuta menderatu zuen Sturm Graz, Bergamon, Gewiss Stadium. 12. minutuan, Mateo Reteguik egin zuen lehen gola; ondoren, Mario Pasalic, Charles de Ketelaere, Ademola Lookman eta Marco Brescianini arduratu ziren gainerakoak sartzeaz.

Horiez gain, Aston Villak zortzigarren lekura egin du behera sailkapenean, Monacok 1-0 irabazi baitzion. Wilfried Singo bolikostarrak sartu zuen partidako gol bakarra zortzigarren minutuan, eta nahikoa izan zen hiru puntuak lortzeko. Unai Emeryk entrenatzen dituen gizonak 13 punturekin geratu dira, eta Borussia Dortmundek baino puntu bat gehiago dute.

12 puntu ditu, baita ere, Juventusek, eta hamalaugarren dago. Italiako taldea ez zen gai izan Brujasen irabazteko (0-0); horrenbestez, final-zornirenetarako sailkapena azken jardunaldian jokatuko du, Benfica aurkari.

Gainerako emaitzei dagokienez, PSV Eindhovenek, jokalari bat gutxiagorekin, Izar Gorria Belgrad mendean hartu zuen (2-3). Luuk de Jongek sartutako bi golek eta Ryan Flamingok (bigarren zatian kanporatua) sartutakoari esker, aurretik jarri zen Holandako taldea. Cherif Ndiaye eta Nasser Djiga jokalariek aldea murriztu zuten arren, garaipenak play-offetako eremuan kokatu zuen PSV.

Stuttgart ere hor dago, bi aldiz jarraian galdu eta gero, ez ziolako aukerarik eman Slovan Bratislavari (1-3). Jamie Leweling eta Fabian Rieder izan ziren golegileak. Eslovakiako taldeak, ostera, liga fase honetako zazpi jardunaldietan galdu egin du.