Itxi

Txapeldunen Liga

Final zortzirenak

Arsenalek kanporaketa ia erabakita utzi du; Aston Villak, oso bideratuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arsenalek 1-7 hartu zuten mendean PSV, Aston Villak 1-3 irabazi zion Brujasi, Borussia Dortmundek eta Lillek bana berdindu zuten, eta azkenik, Real Madril 2-1 nagusitu zitzaion Atletico Madrili.

  • Arsenal eta PSV Eindhovenen partidako argazkia

    Arsenal eta PSV Eindhovenen partidako argazkia. EFE

Mikel Artetaren eta Mikel Merinoren Arsenalek ia erabakita utzi zuen astearte honetan Txapeldunen Ligako final laurdenetarako bidea, PSV Eindhoveni 1-7 irabazi ostean, final zortzirenetako joanekoan. Unai Emeryk entrenatzen duen Aston Villak ere abantaila esanguratsua bereganatu zuen, Brujas 1-3 mendean hartuta. Borussia Dortmundek eta Lillek bana berdindu zuten. Real Madrilek, bestetik, Atletico Madril garaitu zuen: 2-1.

Lehen ordu erdi bizia jokatu zuten Philips Stadion zelaian, eta Arsenalek 13 minutu baino ez zituen behar izan lehia erabakitzeko. Lehenik, Declan Riceren gol bat baliogabetu zuen epaileak, jokoz kanpo egoteagatik, baina ondoren, Jurriën Timber arduratu zen markagailua irekitzeaz. Ethan Nwaneri, Mikel Merino nafarra, Martin Odegaard (2 gol), Leandro Trossard eta Riccardo Calafiori izan ziren gainerako golegileak. Nahiz eta Noa Langek aldea murriztu, ez zen nahikoa izan, eta Arsenalek bereganatu zuen garaipena.

Era berean, Aston Villak 1-3 irabazi zion Brujasi. Neurketaren azken txanpan erabaki zuten lehia, orduan egindako bi golek Birminghameko itzulikorako abantaila garrantzitsua etxeratzea ahalbidetu baitzien Unai Emeryren gizonei.

Bestetik, banakako berdinketarekin amaitu zuten Borussia Dortmundek eta Lillek. Dortmunden zelaian sartuta jokatzen hasi zen arerioaren presioa apaldu zuen Niko Kovacen taldeak, eta Karim Adeyemiren jokaldi bikain batek aurretik jarri zuen Alemaniako taldea, 22. minutuan. Bigarren zatian, Hákon Haraldssonek berdindu zuen norgehiagoka.

Azkenik, Real Madril 2-1 nagusitu zitzaion Atletico Madrili, Carlo Ancelottirenen derbi ilun samar batean. Braihm Diazen talentuak erabaki zuen joanekoa bigarren zatian, banakako berdinketa hautsita. Rodrygo Goesek egin zuen Real Madrilen lehen gola; Julian Alvarezek, ostera, Atletico Madrilena.