Txapeldunen Liga
Final-laurdenak
Bartzelonak eta PSGk Txapeldunen Ligako finalaurrekoetarako sailkatzea lortu dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniako taldeak 3-1 galdu zuen Borussia Dortmunden aurka, baina joanekoan lortutako abantaila nahikoa izan zen aurrera egiteko. Bestetik, PSGk ere finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen, ozta-ozta, Aston Villak 3-2 irabazi ziolako.
-
Borussia Dortmund-Bartzelona Txapeldunen Ligako partidako irudia. EFE
Bartzelonak Txapeldunen Ligako finalaurrekoetarako txartela eskuratu du sei urte eta gero, Borussia Dortmund final-laurdenetako 5-2 kanporatuta (guztizko emaitza). Joanekoan, 4-0 izan zen nagusi; itzulikoan, berriz, 3-1 galdu du.
Hasiera-hasierati hartu zuen menpean Borussiak talde blaugrana, eta Serhou Guirassyk bi gol egin zituen: lehena, penaltiz, 11. minutuan, eta bigarrena, korner baten ostean, 49. minutuan. Ondoren, neurketa goitik behera aldatu egin zen, Bensebainik bere atean sartutako golarekin, eta Pedri zelairatu eta gero. Bartzelona neurketa menderatzen hasi zen.
Kataluniako taldeak hainbat aukera barkatu zituen, eta Araujoren akats baten ondorioz iritsi zen Guirassyren hirugarrena, Borussiarentzat. Handik aurrera, Bartzelona atzean sartu zen, finalaurrekoetarako sailkapena ziurtatzen zion emaitzari eusteko.
Jardunaldiko beste norgehiagokan, Paris Saint-Germainek egin du aurrera Txapeldunen Ligan, nahiz eta Aston Villaren aurka galdu (3-2). 0-2 hasi zen aurretik Frantziako taldea, baina ezin izan zion garaipenari heldu. Horrenbestez, joanekoan etxean izandako aldeko emaitza baliatu zuen kanporaketa menperatzeko. Arsenal ala Real Madril izango du aurkari hurrengo fasean.
Achraf Hakimi eta Nuno Mendes atzelarien golek, lehen ordu erdia baino lehen, konfiantza eman zieten Luis Enriqueren gizonei, baina Unai Emeryk entrenatzen duen taldeak markagailua irauli zuen, eta kanporaketa irabaztear geratu zen, gol bakarreko aldea baitzuen.
Finalaurrekoetarako dauden beste bi postuak asteazken honetako bi partidetan erabakiko dira: Inter Milan-Bayern Munich eta Real Madril-Arsenal.