Txapeldunen Liga
Txapeldunen Liga
Bartzelonak eta Inter Milanek hiruna berdindu dute Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joanekoan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hansi Flicken taldeak bi aldiz berdindu zuen neurketa, 0-2 eta 2-3 galtzen joan ostean, eta norgehiagokako lehen minutuan gola jasota. Kanporaketa Milanen erabakiko da datorren astean.
-
Bartzelona-Inter Milan partidako irudia. EFE
Bartzelonak eta Inter Milanek hiruko berdinketarekin amaitu zuten asteazkenean, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joanekoan. Italiako taldea bitan jarri zen aurretik markagailuan, baina etxekoek, Lamine Yamalek gidatuta, berdinketa eskuratu zuten, eta kanporaketa Milanen erabakiko da, datorren asteko itzulikoan.
Lehen gola partida hasi bezain pronto heldu zen, Marcus Thuramek Inter Milan aurreratzeko sartu zuena, Bartzelonaren atera iritsi zen lehen jokaldian. Ondoren, 12. minutuan, Ferran Torresek Kataluniako taldearentzat berdinketa eskuratzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu egindako jaurtiketarekin.
Lamine Yamalek estutu zuen italiarrekiko aldea, 24. minutuan 1-2koa eginda, gol eder batekin. Lehen zatia amaitzear zela, Torresek sartu zuen Barçaren bigarrena,Pedriren eta Raphinaren arteko konbinazio on bat aprobetxatuta. Hortaz, bina berdinduta joan ziren aldageletara.
Bigarren zatia erritmo lasaiagoan hasi zen, lehen 45 minutuetako bizitasuna atzean utzita. Neurketaren 60. minutua beteta zela, Dumfriesek egin zuen Inter Milanen hirugarrena, korner batean. Hala eta guztiz ere, handik gutxira, Raphinak partida berdindu zuen, urrunetik egindako ezkerkada batez baloia sare barrura bidalita, zutoina eta Sommer atezainaren bizkarra jo eta gero.
Inter gai izan zen Bartzelonak azken minutuetan ezarritako presioari aurre egiteko, eta 3-3 amaitu zuten. Hala, hurrengo asteartean jakingo dugu nork lortzen duen finalerako txartela.
FITXA TEKNIKOA:
-HAMAIKAKOAK:
Bartzelona (3): Szczesny; Kounde (Eric Garcia, 42. min), Cubarsi (Christensen, 83. min), Iñigo Martinez, Gerard Martin (Ronald Araujo, 46. min); De Jong, Pedri (Gavi, 83. min), Olmo (Fermin, 68. min); Lamine Yamal, Ferran Torres, Raphinha.
Inter (3): Sommer; Bisseck, Acerbi, Bastoni; Dumfries (Darmian, 81. min), Barella, Hakan Çalhanoglu (Frattesi, 71. min), Mkhitaryan, Dimarco (Augusto, 56. min); Thuram (Zielinski, 81. min), Lautaro Martinez (Taremi, 46. min).
-GOLAK: Thuram (0-1, 1. min), Dumfries (0-2, 21. min), Lamine Yamal (1-2, 24. min), Ferran Torres (2-2, 38. min), Dumfries (2-3, 63. min).