Itxi

Txapeldunen Liga

FINALAURREKOAK

Inter Milan da Txapeldunen Ligako lehen finalista, Bartzelona 4-3 mendean hartuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Milango Giuseppe Meazza estadioan jokatutako partida bizia luzapenean erabaki zen, Fratessik 99. minutuan sartutako golari esker. Italiako taldearen arerioa gaur PSGk eta Arsenalek jokatuko duten finalaurrekoan erabakiko da.

  • Inter Milan-Bartzelona partidako argazkia. Irudia: EFE

    Inter Milan-Bartzelona partidako argazkia. Irudia: EFE

Inter Milanek Bartzelonari irabazi zion asteartean, 4-3, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako itzuliko neurketan; hortaz, maiatzaren 31ko finala jokatuko du talde italiarrak. Joanekoa bezain norgehiagoka eroa izan zen, eta luzapenera iritsi ziren. Inter fisikoki indartsuago zelairatu zen azken txanpa horretan, eta Giuseppe Meazzako giroak bultzatuta, Bartzelona menderatu zuen. Kataluniako taldeak aurkako bi eta hutsekoa irauli zuen arren, Interrek luzapena behartu zuen, amaierarako minutu eta erdi falta zela.

Lehen zatian, Hansi Flicken gizonak izan ziren nagusi, baina golak nerazzurren aldetik iritsi ziren, Interrek bi sartu baitzituen: Lautaro Martinezek lehena, Barçak galdutako baloi bat aprobetxatuta, eta Çalhanogluk bigarrena, VAR bidez atzemandako penalti baten ondorioz.

Bigarren zatian, Bartzelonak partida irauli eta hiru gol igo zituen markagailura. Eric Garciak egin zuen bat, Gerard Martinek egindako erdiraketa errematatuta. Binako berdinketa Dani Olmok eskuratu zuen, buruz, Gerard Martinen beste erdiraketa batera plantxa eginda sartu eta gero.

87. minutuan, Raphinak sinatu zuen kataluniarren hirugarrena. Bi eta hirukoarekin, Bartzelonak partida iraulita zuela zirudienean, Acerbi atzelariak Interren hirugarren gola sartu zuen. Horrenbestez, kanporaketa berdinduta zegoenez, luzapena jokatu behar izan zuten.

Lau eta hirukoa Davide Frattessirena izan zen, 99. minutuan. Nahiz eta Barça saiatu, emaitza horrekin amaitu zen itzulikoa. Interren aurkaria gaur gauean erabakiko da, PSGk eta Arsenalek Parisen duten hitzorduan. Frantziarrak joanekoan lortutako huts eta bateko aldeko emaitzarekin zelairatuko dira.

FITXA TEKNIKOA

-INTER MILAN, 4 - FC BARTZELONA, 3

INTER MILAN: Sommer; Bisseck (Darmian, 71. minutuan), Acerbi, Bastoni; Dumfries (De Vrij, 108. minutuan), Barella, Çalhanoglu (Zielinski, 79. minutuan), Mkhitaryan (Frattesi, 79. minutuan), Dimarco (Augusto, 55. minutuan); Lautaro Martinez (Taremi, 71. minutuan) eta Thuram.

BARTZELONA: Szczesny; Eric Garcia (Hector Fort, 98. minutuan), Cubarsi (Gavi, 106. minutuan), Iñigo Martinez (Araujo, 76. minutuan), Gerard Martin; De Jong, Pedri (Pau Victor, 106. minutuan); Lamine Yamal, Olmo (Fermin Lopez, 83. minutuan), Raphinha; eta Ferran Torres (Lewandowski, 90+1. minutuan).

-GOLAK:

1-0. 21. min, Lautaro Martinez.

2-0. 45+1. min, Çalhanoglu (p).

2-1. 54. min, Eric Garcia.

2-2. 60. min, Dani Olmo.

2-3. 87. min, Raphinha.

3-3. 90+3. min, Acerbi.

4-3. 99. min, Frattesi.

-EPAILEA: Szymon Marciniak (POL). Jokalari hauei atera zien txartel horia: Çalhanoglu (36. min), Mkhitaryan (68. min), Acerbi (90+5. min), Augusto (91. min), Bastoni (118. min), Inter Milanetik, eta Iñigo Martinezi (51. min) eta Pau Victorri (min.90+5) Bartzelonatik.

-ZELAIA: Giuseppe Meazza.