Txapeldunen Liga
Finalaurrekoak
PSGk Arsenal kanporatu du, eta Txapeldunen Ligako finala jokatuko du bigarrenez
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako taldeak 2-1 hartu zituen mendean Mikel Artetaren gizonak Printzeen Parkean, Parisen, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako itzuliko partidan. Fabian Ruiz eta Achraf Hakimi izan ziren golegileak.
-
William Pacho (PSG) eta Mikel Arteta (Arsenal), lehian, atzoko finalaurrekoan.EFE
Paris Saint-Germainek 2-1 irabazi zion Arsenali asteazken honetan, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako itzuliko neurketan, Fabian Ruizek eta Achraf Hakimik sartutako golei esker. Hala, Europako lehiaketa goreneko finalerako txartela eskuratu zuen, bigarren aldiz, 2020ko finala jokatu ostean.
Joanekoan bat eta hutseko garaipena lortuta, Ingalaterrako taldeak egindako partida hasiera onari aurre egin behar izan zion PSGk. Hala eta guztiz ere, Luis Enriqueren gizonek egin zuten norgehiagokako lehen gola, 27. minutuan, Fabian Ruizek, hain zuzen ere. Emaitza horrekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian, Luis Enriqueren gizonak hobeto sartu ziren partidan, eta defentsa ere zaindu zuten. Arsenalek, geldikako jokaldietan estutzeaz gain, Sakaren abilezia bilatu zuen, nahiz eta guztiz ondo ez egon, lesioa osatu berritan. Aukera bat izan zuen arren, Donnarummak bikain eutsi zion. Arsenaltarrek berdinketarako aukera izan zuten, penaltiz, baina David Rayak gelditu zuen Vitinharen jaurtiketa.
Ondoren, Achraf Hakimik sartu zuen PSGren bigarrena, 72. minutuan. Handik 4 minutura Bukayo Sakak Arsenalentzat aldea murriztea lortu zuen. Txapeldunan Ligako bigarren finala nahi zuen Artetaren taldeak, baina motz geratu zen.
Horrenbestez, PSG eta Inter Milan izango dira aurrez aurre aurtengo finalean. Hitzordua maiatzaren 31n izango da, Munichen, 21:00etatik aurrera. Irabaziz gero, Milango taldeak txapelketa honetan eskuratzen duen laugarren garaikurra izango litzateke; lehena, ordea, PSGrentzat.
FITXA TEKNIKOA
-Emaitza: PARIS SAINT-GERMAIN, 2 - ARSENAL, 1. (1-0, atsedenean).
-Hamaikakoak:
PSG: Donnarumma; Hakimi, Marquinhos, Pacho, Nuno Mendes (Ramos, 88. min); Joao Neves, Vitinha, Fabian, Barcola (Dembélé, 70. min), Kvaratskhelia eta Doué (Lucas, 74. min).
ARSENAL: Raya; Timber (White, 83. min), Saliba, Kiwior, Lewis-Skelly (Calafiori, 68. min); Thomas, Odegaard, Rice, Saka, Martinelli (Trossard, 69. min) eta Mikel Merino.
-GOLAK:
1 - 0, 27. min, Fabian.
2 - 0, 72. min, Hakimi.
2 - 1, 76. min, Saka.
-Epailea: Felix Zwayer (ALE). PSGko Mendesi (18. min) eta Kvaratskheliari txartel horia atera zien (86. min). Riceri (26. min), Lewis-Skellyri (56. min), Calafioriri (86. min) eta Sakari (87. min), Arsenaletik.
-ESTADIOA: Printzeen Parkea.