Txapeldunen Liga
Astearteko neurketak
Real Madrilek eta Malagak ez dute ezer jokoan
Erredakzioa
Pellegriniren mutilek multzoko lidergoa ziurtatuta dute, eta Madrilgo taldea bigarren postuan sailkatuko da. Portok eta PSGk, Schalke 04 taldeak eta Arsenalek lidergoak izango dituzte jokoan.
-
Real Madril. Argazkia: EFE
Malaga eta Real Madril Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkatu dira, baina multzoetako faseko azkeneko jardunaldia jokatu beharko dute. Manuel Pellegriniren mutilek C multzoko lidergoa ziurtatuta dute, eta Milanekin batera sailkatuta daude. Real Madrilek ezin izan du lidergoa lortu, baina Borussia Dortmund liderrarekin batera aurrera egingo du.
Andaluziako taldeak Anderlechten aurka jokatuko du, eta Jose Mourinhoren mutilek Ajax hartuko dute Santiago Bernabeu estadioan.
Hala ere, oraindik ez dago dena erabakita Txapeldunen Ligako multzoetako fasean. A multzoan, Portok eta PSGk lidergoa dute jokoan, eta B multzoan Schalke 04 taldeak eta Arsenalek lehenengo postua lortzeko borrokatuko dute.
PSGk Portoren aurka jokatuko du Parisen. Portugaleko kluba multzoko liderra da, 13 punturekin, baina Frantziako taldeak etxean lidergoa lortzeko abagune ona izango du. Multzoko beste norgehiagokan, Dinamo Zagrebek Dinamo Kyiv hartuko du.
B multzoan, Arsenalek Olimpiacosen aurka jokatuko du, eta Schalke 04 liderrak Montpellierren lehenengo postua babestu beharko du. Londreseko taldeak lidergoa lortzeko garaipena eskuratzea eta Alemaniako taldeak punturik ez lortzea behar du.