Motorra
Tentsioa Red Bull taldean
Mark Webber: 'Vettelek ez die taldearen aginduei jaramonik egin'
Erredakzioa
Alemaniarraren jarrerak hautsak arrotu ditu bere taldean. Tentsioa nabarmena izan da Vettel bera eta Webber podiumera igo direnean.
-
Tentsioa nabarmena zen Webberren eta Vettelen aurpegietan podiumera igo direnean. Efe.
Mark Webber autraliarrak Sebastián Vettel taldekidearen jarrera gogor kritikatu du , "taldeak emandako aginduei" jaramonik egin ez diela argudiatuta. Webber bigarren izan da Malaysiako Sari Nagusian.
"Gaur Vettelek bere erabakiak hartu ditu eta ez dio agindutakoari jaramonik egin, baina, beti bezala, babesa dauka. Gauza bera gertatzen da beti", esan du 36 urteko australiarrak.
"Lasterketaren amaieran ez dut motorra topera erabili nahi izan eta pneumatikoak zaindu nahi izan ditut. Gaurko emaitzarekin atsekabetuta nago", gaineratu du Webberrek.
Vettelek barkamena eskatu du
Sebastian Wettelek, berriz, egindakoaz "oso arro" ez dagoela esan eta "Webberri eta talde osoari" barkamena eskatuko diela azpimarratu du.
"Barkamena eskatu diot Marki. Bera autoa eta pneumatikoak zaintzen ari zen eta nik aurreratzeko erabakia hartu dut. Ez nuen horrelakorik egin behar", azaldu du alemaniarrak.
Horner: 'Egoera deserosoa da'
Christiar Horner Red Bull taldeko zuzendariaren arabera, borrokak "egoera deserosoa sortu du taldean" eta Vetteli esan dio kontuan hartzeko "bi txapelketa daudela: gidariena eta taldeena".
"Egoera deserosoa izan da guretzat. Eusteko agindu zehatzak eman dizkiegu, baina Sebastianek garaipenaren bila joateko erabakia hartu du, irabazi egin nahi zuen", esan du Hornerrek.