Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak 2024

Tiro olinpikoa

Londreseko dominak tiro batera

Erredakzioa

Pablo Carrera eta Juanjo Aranburu tiratzaileak aukera guztiekin abiatuko dira Olinpiar Jokoetara, lau urteko prestaketa eginda.

01:15
Tiro olinpikoa: Aranburu eta Carrera domina bila

Pablo Carrerak eta Juanjo Aranburuk begiz jota dituzte Olinpiar Jokoak. Lau urteko prestaketa lanak burututa, tiro olinpikoko euskal ordezkariak urrezkoaren bila joango dira Londresera. Basque Team taldearen aurkezpenean egon ziren biak.

Pablo Carrera, Europako txapelduna 2012an, izan da azkarrena Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortzen. Bilbotarrak Font Benning-en (AEB) egin zen Munduko Kopako proban lortu zuen txartela, 2011ko maiatzean. Tiro olinpikoaren barruan, bi modalitatetan hartuko du parte: 10 metroko aire-pistola eta 50 metroko pistola.

Bere bizitzako ametsa goiz etorri zaio. Carrerak 25 urte baino ez ditu, kirol horretako tiratzaileen adina, batez beste, altuagoa bada ere. "Munduko Txapelketan egotea sinestezina da, baina honako hau handiagoa da, beharbada, Jokoetan ez zaituelako zure herrialdeak aukeratzen, eta sailkapena norberak irabazten duelako", esan du. Bizkaitarrak ez du bere burua irabaztera behartu nahi, eta lehiaketara dominetan pentsatu gabe joango da; "bestela, urduritasunak eragina izan dezake".

Juanjo Aranbururentzat bigarren Olinpiar Jokoak izango dira hauek, Pekinen 8. sailkatu ostean. Gipuzkoarra irabaztera joango da, baina bidean topatu ditzakeen faktoreak ezagutzen ditu: "30 tiratzaile izango gara bertan, munduko onenak, maila berekoak guztiak. Denok borrokatu gara sailkapena lortzeko, baina egun horretan gogo-aldartea edota eguraldia egon daiteke norberaren teknikaren gainetik".