Parisko Olinpiar Jokoak 2024
Aurrerapen teknologikoa
Hanketan protesiak dituen lehenengo atleta olinpikoa, Londresen
Erredakzioa
Oscar Pistorius, bi zangoak anputatuta, 400 metroko 4 errelebuko proban lehiatuko da, gainontzeko kirolariekin batera.
-
Oscar Pistorius. Argazkia: EFE.
Hegoafrikak Oscar Pistorius atleta hautatu du 400 metroko 4 errelebuko proban lehiatzeko. Kirolariak bi hankak moztuta dauzka eta karbono-zuntzezko protesiak erabiltzen ditu. Anputazio bikoitza duten atleten artean, munduko markarik onena dauka 100, 200 eta 400 metroko lasterketetan. Pistoriusen ametsa, ordea, Olinpiar Jokoetan lehiatzea zen.
Nazioarteko Atletismo Federazioak horrelako gailu teknikoak erabiltzea debekatu zuen, baina, 2008an, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak atletari arrazoia eman zion. Hala here, Pistoriusek ez zuen Pekinen aritzeko gutxieneko marka lortu. Aurten, ordea, Hegoafrikako selekzioak 400 metroko 4 errelebuko proba korrituko duten kirolarien artean aukeratu du.
Hegoafrikak zerrenda eman zuen eguna Pistoriusen bizitzako pozgarriena izan zen, Twitterren adierazi zuen moduan. Gainera, oraindik 400 metrotan lehiatzeko aukera dauka. Kirol Arbitrajeko Auzitegiak, bereizmen handiko kamerek grabatutako irudiak aztertu ostean, protesiak abantailarik ez diotela ematen erabaki zuen. Horregatik, kirolari anputatua Olinpiar Jokoetan arituko da, beste atleta olinpikoen baldintza beretan.