Parisko Olinpiar Jokoak 2024
Itxiera ekitaldia
Londresek 2012ko Olinpiar Joko ahaztezinak agurtu ditu
Erredakzioa
Ingalaterrako hiribura eta Britainia Handiko musikari ospetsuenak omendu ditu Londres 2012ko itxiera ekitaldiak. Protagonista nagusiek, atletek, Stratfordeko estadioan agurtu dituzte Olinpiar Jokoak.
Londres hiriari eta Britainia Handiko musikarien kanta ezagunenei omenaldi zirraragarria egin diote 2012ko Olinpiar Jokoetako itxiera ekitaldian.
Big Ben dorreko kanpaiek hasiera eman diote ekitaldiari, eta Stratfordeko estadiora Britainia Handiko musikari ezagunak (Pet Shop Boys, Madness, Ray Davis, George Michael, Kaiser Chiefs, Annie Lenox, Taio Cruz, Jessie J, Spice Girls, Muse...) irten dira. Zaleek eta kirolariek gozatu ederra hartu dute ikuskizunarekin.
Itxiera ekitaldi ikusgarriak Londreseko Olinpiar Jokoetan ikuskizun bikaina eman duten heroiak, kirolariak, agurtu ditu.
2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetako izar nagusiak Usain Bolt Jamaikako atleta (urrezko hiru domina), Michael Phelps igerilaria (22 dominekin Olinpiar Jokoetako historian domina gehien lortu dituen kirolaria), Allyson Felix atleta estatubatuarra (urrezko hiru domina), Mohamed Farah atleta britainiarra (urrea 5.000 eta 10.000 metroko probetan), Alexandra Raisman Ameriketako Estatu Batuetako gimnasta (bi urre eta brontze bat), eta David Rudisha keniako atleta (urrea eta munudko errekorra 800 metroko proban).
Gainera herrialde antolatzaileak, Britainia Handiak, Olinpiar Jokoetako dominen zerrendan bere posturik onena lortu du, AEBen eta Txinaren atzetik.
Olinpiar Jokoetako txanda Rio de Janeirok hartuko du 2016an, eta brasildarrek britainiarrek lortutako proben ikusgarritasuna eta antolaketa bikaina gainditzea izango dute helburu.