Itxi

kirolak

Tenisa

Ash Barty australiarrak tenisa utziko du

EITB Media

Neke fisiko eta mentalagatik hartuko du erretiroa 25 urteko kirolariak. 2019an munduko lehen postura heldu zen, eta 119 astez egon da toki horretan.

  • Ash Barty tenislari australiarrak erretiroa hartu du munduko lehena izanik. Argazkia: EFE.

    Ash Barty tenislari australiarrak erretiroa hartu du munduko lehena izanik. Argazkia: EFE.

Munduko sailkapenean lehenengo postuan dagoen Ash Barty tenislari australiarrak erretiroa hartuko du, 25 urte dituela, fisikoki eta mentalki nekatuta dagoelako eta "beste amets batzuk lortzeko". Bartyk banakako 15 titulu eta binakako 12 lortu ditu bere ibilbide profesionalean.

"Egun zaila da gaurkoa, emozioz betea, tenisetik erretiratzen naizela iragartzen baitut", esan du Bartyk Instagrameko bere kontuan argitaratu duen bideo batean. Bertan, bere kirol ibilbidean jasotako babesa eskertu du, eta kirol horrek uzten dizkion "harrotasun eta osotasun" sentsazioak nabarmendu ditu.

"Dagoeneko ez dut bultzada fisikorik, ez gogo emozionalik, ezta maila gorenean neure buruari erronka egiteko behar den guztia ere. Leher eginda nago", zehaztu du bi urte baino gehiagoz munduko lehena izan denak eta Australiako azken Irekia irabazi duenak. Txapelketa horretan, Danielle Collins estatubatuarrari gailendu zitzaion, bi setetan irabazita. Horrela, gainera, azken 44 urteetan lehiaketa hori irabazi duen lehen australiarra izan zen.

Horixe izan da Grand Slameko bere hirugarren titulua, WTAko sailkapenean munduko lehen postua bermatu ziona, 2019an Roland Garroseko eta 2021ean Wimbledoneko garaikurrak ere altxatu ondoren.

Australiarrak, baina, ez du lehen aldiz utziko tenisa; 2014an ere utzi zuen, 17 urteko nerabea izanik, profesionalki cricketean aritzeko. Hala ere, bi urte geroago pistetara itzuli zen eta emakumezkoen tenisaren munduko lehen postura eraman duen ibilbide distiratsuari ekin zion.

2019an ekin zion gora egiteari, Parisen Grand Slameko lehen titulua lortuta, eta lehen aldiz munduko lehena bihurtu zen. Ordutik, 119 astez egon da postu horretan.