kirolak
Zesta-punta
Donostia, Markina, Gernika eta Hondarribia izango dira Jai Alai World Tour lehiaketaren egoitzak
EITB Media
Maiatzaren 14an hasiko da txapelketa Donostiako Carmelo Balda frontoian, eta ekainaren 11n amaituko da bertan; ondoren, Markinan (ekainaren 18tik uztailaren 16), Gernikan (uztailaren 23tik abuztuaren 16ra) eta Hondarribian (uztailaren 15etik urriaren 1era) jokatuko dituzte partidak.
Donostiako, Markinako, Gernikako eta Hondarribiko pilotalekuak izango dira Jai Alai World Tour 2022 zesta-punta zirkuituko lau Grand Slam txapelketen egoitzak. Lehiaketa horretan, espezialitateko pilotari onenek parte hartuko dute, maiatza eta urria bitartean.
Oraintsu Gernikan amaitu berri den Jai Alai Winter Series txapelketak izan duen aurrekaririk gabeko eta ustekabeko arrakastari eutsi nahi dio txapelketa berri honek, baita ikusleen erantzun apartari ere. Hala adierazi dute antolatzaileek gaur, asteazkenean, Bilbon egindako aurkezpenean, Bingen Zupiria Kultura sailburuaren parte-hartzearekin.
"Ikuspegi berri bat eman behar zaio, pilota-partida batekin bakarrik ez baitugu lortzen jendea frontoira gerturatzea. Pilotari onenen eta ikuskizun on baten arteko nahasketa izango da hau", azpimarratu du Mikel Egiguren Jai Alive enpresako arduradunak. Izan ere, musika eta argi-ikuskizun batek girotuko du partida bakoitza.
Txapelketa maiatzaren 14an hasiko da, Donostiako Carmelo Baldan, eta ekainaren 11n amaituko da bertan; ondoren, Markinan (ekainaren 18tik uztailaren 16ra), Gernikan (uztailaren 23tik abuztuaren 16ra) eta Hondarribian (uztailaren 15etik urriaren 1era) jarraituko du zirkuituak.
Grand Slam bakoitzeko bikote irabazleek, edo, irabazleak errepikatuz gero, bigarrenek, Lauko Finala jokatuko dute oraindik zehaztu gabe dagoen egoitzan eta egunetan. Gainera, iragarri dutenez, abenduan, banakako txapelketa bat egongo da programatuta Berriatuan (Bizkaia).
Txapelketa bakoitza sei bikotek jokatuko dute, eta hirunako bi multzotan banatuko dira. Lehenengo biak elkarren aurka ariko dira finalerdietan, lehenengoa bigarrenaren aurka, eta irabazleek finalean jokatuko dute titulua.
Antolatzaileek iragarri dutenez, 12 pilotarietatik zortzi, koadroko onenak, finkoak izango dira txapelketa guztietan, eta gainerako laurak enpresek aukeratuko dituzte lehiaketa bakoitzaren aurretik, "merezimenduen edo sasoi puntuaren arabera". Guztira, "16 eta 18 bitartean" izango dira zirkuituan parte hartuko dutenak.
Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Diego Beaskoetxea eta Jean Olharan aurrelariek eta Imanol Lopez, Unai Lekerika, Nicolas Etcheto eta Jon Zabala atzelariek tokia ziurtatuta dute.