Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Lau segundo

Kontxako Bandera hasperen batean

Erredakzioa

Ezusteko handirik ezean bandera Bizkaira joango da. Garaikurra Bermeon edo Sestaon amaituko duen erabaki beharko dute Urdaibaik eta Kaikuk. Lau segundoko aldea baino ez dago bi ontzien artean.

01:12
Ontziek azken entrenamendua egin dute Kontxako Badian

Igande honetan Kontxako Bandera erabakiko da eta itsasoa bare-bare egongo dela ematen du. Iragarpen guztiek olaturik ez dela izango diote. Kaiku faborito da, baina lau segundoko aldeak ez du garaipenik bermatzen eta Urdaibaik irabazteko aukerak ditu. Ondorioz, bandera hasperen batean, olatu batean, ziaboga batean… dago.

Itsasoa bare-bare egongo da, baina Gipuzkoako hiriburua pil-pilean izango da. Izan ere, toki eta traineru guztietako jarraitzaileek giro bikaina bermatuko dute Donostiako kaian eta kaleetan.

Sestaok eta Bermeok bandera nahi dute. Jose Luis Korta Bizkaitarra ontziaren entrenatzaileak bere arraunlariengan konfiantza du eta Kaiku faboritoa dela adierazi du. Juan Mari Etxabe Urdaibaiko entrenatzailearen hitzetan, Sestaokoak faborito dira, baina bere traineruaren abantzua ikusita ez du garaipena baztertzen.

Zirrara eta ikuskizuna bermaturik daude. Kaikuk estropada ona egin beharko du Urdaibai azpiratzeko, bestela bermeotarrek iragarpen guztiak hankaz gora jarri eta bandera Bermeora eramango dute.

Giroa

Sestaoko Udalak eta Kaiku taldeak herriko liburutegiko balkoia pankarta batekin jantzi dute: "Aupa Kaiku! Gora Sestao!". Herriko zaleek 30 autobus bete dituzte dagoeneko Donostiara joateko.

"2009tik errepikatzen ez duten arrakasta lortzeko amets egiten dute herritarrek, Kaikuk Urdaibairi hiru segundoko aldea sartu ziola ikusita", azaldu du Udalak.

Kaikuk Kontxako Bandera irabazten baldin badu, Udalak taldeari harrera antolatuko dio arratsaldeko zortziretan. Ekitaldiak ez dituzte oraindik zehaztu, baina arraunlariek eta zuzendaritzak liburutegiko balkoian garaipena ospatuko dutela badakite.

Kaikuri babesa emateko Donostiara 3.000 bat zale joatea espero du Sestaoko Udalak.

Bestalde, Bermeon herriko jaiak Kontxako Banderarekin borobiltzea espero dute. Igandean Arrantzale Eguna ospatzen dute bertan, baina milaka bermeotarrek ospakizuna Donostiako badian egin nahiko dute, Urdaibairi babesa emanez.