Arrauna
Denboraldi amaiera
Oriok, Santurtzik, Zumaiak eta Amegrovek San Miguel Liga dute jokoan
Erredakzioa
Asteburu honetan igoera/jaitsiera kanporaketak jokatuko dira eta, bestalde, Urdaibai, Hondarribia eta Tiran Kaikuri loria apur bat lapurtzen saiatuko dira.
Udazkena ate joka dagoela, barrura, babesera begiratzen hasteko garaia da, baina Bermeon jai giroan daude, herriko festetan murgilduta, eta San Miguel Ligako tropelari ongietorria egiteko prest. Han jokatuko da denboraldiko 17. estropada puntuagarria, ligako azken aurrekoa: BERMEO HIRIKO XXX. IKURRINA.
Jardunaldia 18:00etan hasiko da, igoera/jaitsiera kanporaketako lehen estropadarekin. Zumaia Altuna y Uria, Orio Babyauto, Santurtzi Iberdrola eta Amegrove Travel Viabus taldeek hartuko dute parte.
Alegia, eta hurrenez hurren, San Miguel Ligako 11. sailkatuak, KAE1 Ligako lehen bi sailkatuak, eta Galiziako Traineru Ligako garailea. Lau ontziek erlojupekoan egingo dute arraun, kale beretik, eta minutuko tartearekin abiatuta.
Lehen estropadako garaileak lau puntu lortuko ditu, eta beste sailkatuek puntu bana gutxiago, hurrenez hurren. Puntuaketa sistema berbera erabiliko da igandeko estropadan, Portugaleten, eta puntu batuketaren ostean, puntu gehien lortzen dituzten bi ontziek lortuko dute igoera.
San Miguel Ligari dagokionez, Urdaibai Umpro Avia, Hondarribia Orsa eta Tiran Pereira loria apur bat lapurtzen saiatuko dira dagoeneko txapelketa lotuta daukan Kaiku Ambilamp txapeldun birtualaren aurka. Nola? Bermeoko ikurrina irabazita. Sestaokoek errenta bikaina dute San Miguel Ligako sailkapen orokorrean, 13 puntu, eta zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete ia, haiek Mapfre Koroa galtzeko.
Larunbateko eta igandeko estropadak zuzenean jarraitu ahal izango dira eitb.com-en eta ETB-1en.