Binakakoa
Final handia
Elezkano II-Rezusta vs Irribarria-Zabaleta, bi bikote txapelagatik lehian
Agentziak | Erredakzioa
Txapelketako bi bikoterik onenek neurtuko dituzte indarrak Bizkaia pilotalekuan. Lau pilotarietatik hiruk iazko finala jokatu zuten.
-
Finaleko lau protagonistak. Argazkia:
Danel Elezkano bizkaitarrak eta Beñat Rezusta gipuzkoarrak aurreikuspenak hausten saiatuko dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta faborito nagusien aurka jokatuko duten Binakako Txapelketako finalean.
Partida zuzenean emango dute ETB1en eta eitb.eus-en.
Txapelketako bi bikoterik onenek jokatuko dute; bitxikeri moduan, aurtengo lau finalistetik hiruk iazko finala jokatu zuten.
Bi bikoteek txapelketa honetan elkarren aurka jokatuko duten laugarren aldia izango da. Hasierako ligaxkan bina garaipen lortu zituzten. Irribarria-Zabaleta lehenengo jardunaldian gailendu ziren 22 eta 15, eta zortzigarrenean, berriz, Elezkano II.a eta Rezusta 22-19.
Azken aldiz, finalerdietan neurtu zituzten indarrak, eta orduan Irribarria-Zabaleta nagusi izan ziren 22 eta 12, txapelketa irabazteko faborito nagusien papera sendotuz.
Materiala
Material aukeraketan, Elezkano-Rezustak 105.1, 104.9 eta 105.6 gramoko pilotak aukeratu zituzten; Irribarria-Zabaletak, berriz, apur bat pisutsuagoak, 106.7, 106.4 eta 105.5 gramokoak.
Finala igandeko 17:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da. Aurretik enpresen arteko lehia jokatuko dute Altuna III.a-Martija eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteek.