Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Nobedadeak

Baikok Binakakorako pilotariak jakinarazi ditu, eta Bengoetxea ez da tartean izango

A. A. | EITB MEDIA

Leitzarrak etengabe parte hartu du txapelketan 2005eko ekitalditik. Bestalde, Beñat Rezusta Bilboko enpresarekin estreinatuko da.

  • Baikok Binakako Txapelketatik kanpo utzi du Oinatz Bengoetxea.

    Baikok Binakako Txapelketatik kanpo utzi du Oinatz Bengoetxea. Argazkia: Artxiboko irudia.

Baiko Pilotak, Unai Iglesias ordezkariaren bidez, dagoeneko ezagutzera eman ditu bere enpresako zein pilotarik parte hartuko duten 2021eko Binakako Txapelketan.

Iragan abenduaren 8an Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Aimar Olaizolari eta Mikel Urrutikoetxeari irabazitako finalarekin (22-13) bukatu zen historiako Binakako ediziorik luzeenaren ostean, ate joka dago txapelketa berria, urte berriarekin batera martxan jarriko dena; izan ere, urtarrilaren 1ean jada ligaxkako partidak jokatuko dira.

Alabaina, horren aurretik, datorren asteartean, abenduaren 29an, txapelketaren beraren aurkezpena egingo da, eta Baikok honako pilotari hauek aukeratu ditu bertan parte hartzeko:

Aurrelariak:

Aimar Olaizola
Mikel Urrutikoetxea
Jon Ander Peña
Iñaki Artola

Atzelariak:

Jon Ander Albisu
Beñat Rezusta
Ander Imaz
Aitor Aranguren

Izen guztien artean aipatzekoa da Bilboko enpresak txapelketatik kanpo utzi duela Oinatz Bengoetxea nafarra. Aitzitik, Olaizola II.ak, 41 urterekin, beste txapel bat lortzeko lehian jarraituko du.

Horrez gain, Beñat Rezustak lehen aldiz hartuko du parte txapelketan Baikoko pilotari gisa (Aspek utzita jokatuko du txapelketak iraun bitartean). Halaber, 2021eko edizioan, Jon Ander Peñak eta Aitor Arangurenek titular jardungo dute lehen aldiz. Azkenik, Mikel Urrutikoetxeak aurrelari gisa jokatuko du, aurreko edizioan Olaizolaren atzelari lanetan ibili eta gero.

Bikoteen behin betiko osaketa datorren asteartean, txapelketaren aurkezpen ofizialean, emango dute ezagutzera.