Binakakoa
APIRILAK 17 ETA 18
Labrit eta Adarraga, finalerdietako lehen jardunaldiko egoitzak
EITB MEDIA
Elezkano-Zabaletak Altuna-Mariezkurrena bikotearen aurka jokatuko dute Iruñean; Ezkurdia-Galarza eta Peña-Albisu bikoteek, berriz, Logroñora bertaratuko dira.
-
Labrit frontoia.
Iruñeko Labrit pilotalekuak eta Logroñoko Adarraga frontoiak izango dira datorren asteburuan hasiko den Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko egoitzak, behin txapelketako bigarren fasera sailkatzeko play-offak erabakita geratuta.
Labriten, Elezkano II.ak eta Zabaletak Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak larunbatean, Nafarroako hiriburuan, Jaka eta Martija 22-19 gainditu ondoren.
Igandean, Logroñon, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Peña II.a-Albisuren arteko norgehiagoka jokatuko da. Izan ere, lehendabizikoak finalerdietarako sailkatu dira, Olaizola II.ari eta Rezustari azken txanpan 22-19 markagailua irauli eta gero.
Antolatzaileek baieztatu dutenez, bigarren jardunaldiko partidak Logroñon eta Bilbon jokatuko dira, hilaren 24an eta 25ean, hurrenez hurren, eta hirugarren eta azken jardunaldikoak Iruñean eta Bizkaiko hiriburuan, maiatzaren 1ean eta 2an. Finala maiatzaren 9an izango da, Bilbon.